Nostalgia egunkari paperetan

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko abe. 28a, 08:00

Aranburu egunkari dendak behin betiko itxiko du pertsiana gaur, 40 urteren ondoren; egunotan, denda agur hitzen zaparra etengabean da.

Egunotan, iraganaldiko aditz denbora sekula baino gehiago entzun liteke, Tolosako Zerkausia kaleko Aranburu egunkari dendan. Agur eta despedida hitzak, oroitzapenak eta eskertzak, lau hamarkadako denda bati pertsiana behin betiko itxi aurretik.

Gurasoek ekindako negozioari eutsi, eta egunkari denda bizimodu egin dute Inmakulada eta Juan Carlos Belza anai-arrebek: «Zerkausi kalean 40 urte inguru daramatzagu. Gurasoek, aurretik, kiosko bat zuten Trianguloa plazan; estankoa zen, eta egunkariak ere saltzen zituzten. Garai bateko Eskolapioak eraitsi zituztenean, lokal hau erostea erabaki zuten eta, orduz geroztik, hemen aritu izan gara».

Inmakulada Belzak oraindik gogoan du 1983ko uholdeetan dendako ura ateratzen aritu zirenekoa, bezeroen laguntzaz: «Urte asko pasatu dira, bai!». Eta, erretiroa hartzea erabaki duenean, ziklo bat amaitzea erabaki dute anai-arrebek: «Urte asko izan dira, eta lan hau oso-oso gogorra da; erre egiten du bat».

Egunkari eta aldizkari denda bat baino askoz ere gehiago izan baita, urtetan, Aranburu: «Dendako salmentaz gain, banatzaile lanak ere egiten ditugu. Denda goiz eta arratsalde zabalik izaten da eta anaia, egunero, 05:00etan jaikitzen da, herri txikietako okin askok gure dendatik hartzen baitituzte egunkari eta aldizkariak. Eta horrela urte osoan, izan asteburu, izan zubi».

Gaur izango da azkena; betiko itzaliko dituzte Aranburu dendako argiak. Eta, nolabait, informazioa kontsumitzeko modu baten itzaltzea ere irudikatuko du itxierak. Pena sentitzen dute, bai, eta egunotan jende asko bertaratu da eurengana, triste: «Nik esaten diet astebeteko pena dela, jendea segituan ohituko dela egunkaria beste nonbait erosten».

Baina, hori da kontua: denda baino gehiago, Aranburu jende askoren elkargune izan dela hamarkadaotan. Bezperako egunkaria erostea ahaztu zaionaren heldulekua, hurrengo egunean albiste zaharkituak erosteko; edo Zerkausiko baserritarren biltegitxoa, poltsak une batez nonbait uzteko. «Tolosan paper fabrika asko ziren garaian, tertulia gune bilakatzen zen gure denda, goizean goiz eta arratsaldean. Langileak 05:00ak aldera pasatzen ziren egunkari bila eta, lantegira joan aurretik, gure aitarekin eta anaiarekin hizketan aritzen ziren, hartaz eta hontaz; eta, berdin, arratsaldean lanetik irtendakoan ere».

Esan gabe doa, beraz, zer-nolako gertutasuna izan duten belzatarrek, bezeroekin: bizi oso bat erakusmahaiaren alde banatan. Jende asko ezagutu dutela diote, eta tarteka psikologo lanak egitea ere egokitu zaiela: «Pazientzia izan behar da batzuetan, eta terapeuta izaten ere asmatu, baina gustura egin izan dugu. Guk betiko jendea ezagutu izan dugu hemen, Tolosan denok baitugu denon berri. Hainbat bezerorekin konfiantza handia sortu dugu dendaren aitzakian eta, benetan diot, jendea malkotan atera dela egunotan, itxieraren harira».

PAPERA URTZERA DOANEAN

40 urteotan izugarri aldatu da egunkarien salmenta; hala diote Inmakulada eta Juan Carlos Belzak: «Orain, 40 urtetik beherako inork ez du egunkaririk erosten, kirol kazetaren bat ez bada. Komunikabideak Internet bidez jarraitzen dituzte belaunaldi berriek, eta jendeak egunkaria tabernan eta kafetegietan irakurtzeko ohitura du. Erromantikoren bat geratuko da, bai, baina galtzen ari den zerbait da». Akaso horregatik, Inmakulada Belzak barre txikiaz dio, «momentu onean» utziko dutela denda.

Zalantzarik ez da: albisteak ordubetean zaharkitzen diren garaiotan, kazetaritzak bezainbesteko erronka dute egunkari salmentan aritzen direnek ere, informazio kontsumo berrietara egokitze horretan.

Horren harira, Juan Carlos Belzak ondo gogoan du zein izan den, sekula egunkari gehien saldu duten eguna: «Realak lehenengo liga irabazi zuenean, 1980-1981 denboraldian, izugarria izan zen. Gogoan dut, dendatik ilarak buelta ematen ziola Eskolapioen eraikinari. Garai hartan, El Diario Vascoren 5.000 ale saldu genituen!».

Kirolari lotutako loriekin batera, atentatuak nahiz eskelak erakarri izan dute jende gehien dendara eta, elkarrizketan barrena etorri zaie gogora, Espainiako loteriaren egunean aspaldi gertatzen zena: «Lehen, abenduaren 22an, bi egunkari argitaratzen zituzten zenbait kazetak: goizekoa eta arratsaldekoa, loteriaren emaitzekin. Jendea zain izaten zen emaitzak kontsultatzeko».

Momentuz, Zerkausi aldameneko lokalean ez da egunkari pila goiztiarrik ikusiko; inork ez dio negozioari jarraipenik emango. Nostalgia eta oroitzapenak, ordea, betirako izango dituzte, egunkari paperetan bilduta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!