Tolosa eta Tafalla iruditan, parez pare

Irati Saizar Artola 2018ko abe. 26a, 11:05

Hogeita hamar gai eta hirurogei argazki. Erdiak Tolosakoak, eta beste erdiak Tafallakoak. Halaxe apaindu dute Aranburu jauregia Gabonen bueltan, T+T erakusketarekin. Urtarrilaren 12ra arte egongo da zabalik.

Proiektu honen helburu nagusia, Tolosak eta Tafallak komunean dituzten gauzak argazkien bidez erakustea izan dela nabarmendu du Miren Atxaga Targazki elkarteko kideak: «Felipe Gorriti organo jotzailea, adibidez, bi herrietan aritu izan da jotzen; Santa Maria eliza ere bietan dago, edota bi herriek dauzkate entzute handiko sopranoak, Tolosan, Ainhoa Artera, eta Tafallan, Sabina Puertolas. Horrelako gaiak jorratu ditugu».

Targazki elkarteko kide den Asier Garagarzak ekarri zuen ideia Tafallatik Tolosara, «hemen guztia bezala, mahai baten bueltan atera zen kontua». Erakusketa bat jarri zuen Tafallako kultur gunean, eta hura jasotzera joan zeneko bazkari batean bururatu zitzaien. «Hona etorri eta guri kontatu zigun. Nafarra naiz gainera, eta ilusio berezia egin zidan nahasketak», gogoratu du Atxagak.    

Guztira, 30 gai izoztu dituzte iruditan eta hilabeteetako lana suposatu die horrek. «Hemengo hiru lagun Tafallara joan ginen eta han erabaki genituen gaiak». Hona bueltan, gaiak banatu, eta bikoteka banatu ziren, talde lana sustatuz, gaia lantzeko. Targazki elkarteari «lan handia» suposatu badio ere, «talde sentsazioa areagotu» duela argi ikusten du argazkilariak. «Horrelako lan bat pentsatu behar da iraupen lasterketa bat dela, ez dela ehun metro lisoko karrera bat. Eta gainera taldean, motelago zoaz eta bidea luzea da, baina oso aberatsa».

Argazki guztien zubi lanak egiten, kasu honetan idatziz, Emilio Latorre tolosar-tafallarra aritu da. «Bi herriak oso ondo ezagutzen ditu, eta azalpen guztiak berak idatzi ditu, bai erakusketarako eta baita katalogorako ere». Erdaraz idatzi ditu testuak eta Tolosako Udala arduratu da euskarara itzultzeaz.

Horrelako proiektu bat egitea, ordea, ez da kamerari klik egitea soilik. Ez dira Targazkiko kide guztiak argazkiak ateratzen ibili. Argazkirik egin ez dutenak, kartelak prestatzen, lokalizazioak bilatzen eta kontaktuak egiten aritu dira, ondoren, argazkiak atera ahal izateko. «Talde bezala aritu gara», horregatik, izen-abizenez sinatu gabe aurkeztu dituzte argazkiak, Targazkiren izenean. Tafallarrek izen abizenekin sinatu dituzte haien argazkiak, eta ia 25 argazkilarik hartu dute parte.

Itsuka egindako zita bat izan dela dio Atxagak. Bikoteka daude argazkiak, eta inaugurazio egunean ezagutu dute elkar, baten egileak eta bestearenak. Bi argazkien arteko lehian pentsatu ere ez du egin: «Seguru nago jendeak konparaketak egin dituela, baina, nire ustez, lehia oso gauza maskulinoa da, eta guk nahiago izan dugu proiektua kooperatiboagoa izatea, denon artekoa izatea». Jendearen artean sortzen den sinergiarekin geratzea hautatu du.

Beste bi, aukeran   

T+T erakusketaz gain, beste bik ere hartua dute beren lekua jauregian. Azken urteetan jarri ohi duten Argizaiola da bata, eta XXXII. Espainiako Argazkilaritza Konfederazio Kongresuko lehiaketakoa, bestea. Biak, Asier Garagarza argazkilariaren ingurukoak dira. Iazko Argizaiola lehiaketa irabazi zuen, eta tartean, beste bi parte hartzaile tolosarren argazkiak ere ikusgai daude.  

Hirugarren erakusketa, «ezustean» sartu zaiela adierazi dute. «Duela hiru hilabete inguru, Espainiako Konfederazioaren Kongresua ospatu zen eta lehiaketa bat egiten dute. Argazki taldeek, argazkilari bat aurkeztu behar izaten dute eta gure taldetik Asier Garagarza aurkeztu genuen. Bingo! Berak irabazi zuen sari nazionala». Beste bi finalisten argazkiekin batera, Garagarzarenak ere ikusgai daude. Hauek ere, urtarrilaren 12ra arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!