Jaiotza berritua, auzotarren ilusioa

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abe. 23a, 14:31

Amarotz Auzo Elkarteak antolatuta, Agur 2018, ongi etorri 2019 ekimenaren barruan, jaiotza berrituaren inaugurazioa egin dute eguerdian. Lehenago, kalejira egin dute, eta ondoren, berriz, barrikotea.

Goizean goiz, txistularien dianarekin hasi dute eguna Amarotz auzoko bizilagunek. Ondoren eskusoinu eta pandero jotzaile eta trikitilarien txanda izan da; dantzatzera edota irrintziak botatzera ausartu denik ere egon da tartean. Bien bitartean, eguerdian egin beharreko barrikoterako, salda, gaztainak edota txorizoa prestatzen aritu dira elkarteko kideak.

Hala ere, 12:00etan heldu da ekitaldi garrantzitsuena. Orduan egin dute jaiotza berrituaren inaugurazioa. Auzoan lehen aldiz jarritako jaiotza, Miguel Angel Arrizurieta Arrik egurrezko materialekin egindakoa izan zen. Beranduago, berriz, Juanito Lope artistak egindako jaiotza berreskuratu zuten, lehenago, Tolosako erdialdean jartzen baitzen.

25 urte baino gehiago dira Amarotzen jaiotza jartzen dutela. Duela 15 urte, gainera, auzotar talde batek piezak konpontzea, berriz margotzea eta txukuntzea erabaki zuen, denboraren eraginez kausatutako ondorioengatik. Egun, piezak ere nahiko zahartuta eta higatuta zeudenez, Iñaki Moyuarekin kontaktuan jartzea erabaki zuten, eta honek ez zuen zalantzarik izan, baiezkoa eman eta piezak berriz konpontzeko.

Azkenik, elkarteko kideek eskerrak eman nahi dizkiete Moyuari, hartutako denboragatik eta egindako lanagatik. Horrez gain, auzotarrei dei egiten diete behar bezala zaintzeko, inongo minik eragin gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!