Ezustean hartu du elkarrizketa Marijo Arretxek (Tolosa, 1970). Txinkorta eskolako zuzendaria da, Bidania-Goiatzen eta bertatik erantzun ditu galderak. Arazo handiegirik ez du jarri, korri egitea izugarri gustatzen zaiolako eta urteko azken lasterketa bere bizitzaren parte bilakatu delako.
San Silvestre lasterketak han eta hemen egiten dira. Zuk Tolosako Elkartasun Krosarekin daukazu lotura. Nondik dator harremana?
Samaniegon irakasle bezala aritu nintzen lanean bere garaian. Tolosako Elkartasun Krosa Samaniegok eta Orixek antolatzen dute, eta lan horretan ibiltzea tokatu zitzaidan, pixka bat laguntzen. Horretaz gain, korrika ere parte hartzen hasi nintzen. Lehen, Tolosako emakume talde batekin ibiltzen nintzen korrika. Bata eta bestea elkartu ziren eta Urtezaharreko lasterketa herrian bertan zenez, guztia lotuta geratu zen.
Elkartasuna presente duen lasterketa da Tolosakoa.
Bertan ateratzen den dirua Kolonbiara bidaltzen da, Mando Liburuzaina proiektura. Horregatik dauka Elkartasun Krosaren izena.
Emakume talde batekin aritzen zinela korrika esan duzu. Nondik sortu zen talde hori?
Emakumea eta kirola elkartzeko ekimen baten barruan izan zen. Herri desberdinetan jarri ziren taldeak martxan. Fortunak entrenatzaile batzuk jarri zituen, eta gu Itsaso Leundarekin ibiltzen ginen. Emakume talde bat elkartu ginen, batzuk maila bat bazutenak eta besteak hasiberriak. Bakoitza bere martxan ibiltzen zen, astean bitan elkartuz: astearteetan eta ostegunetan. Maila desberdina genuenez, helburuak ere bakoitzak bereak zituen: Behobia-Donostia, Lilatoia edo San Silvestrea. Urteko azken eguna iritsi zenean eta festa giroan ospatzen zenez Tolosako lasterketa, mozorroturik ateratzeko ideia sortu zen. Horrela hasi ginen eta horrela jarraitzen dugu. Aurten ere aterako gara.
Talde horretara elkartu zinenean, zein zen zure helburua?
Nik korri egunero egiten nuen, baina bakarrik ibiltzen nintzen. Taldeko batzuk ezagutzen nituen eta oso gustura zebiltzala esaten zidaten. Bakarrik ez ibiltzeko hasi nintzen eurekin. Ordura arte Villabonara iristen nintzen, baina Itsaso Leundarekin gauza desberdinak egiten hasi ginen. Oso gustura ibili nintzen taldean aritu nintzen denboran.
Gero utzi beharrean izan zinen, ordea.
Korri egiten jarraitzen dut, baina iaz ordutegiagatik ezin nintzen eurekin ibili. Hala eta guztiz ere, lotura hori mantentzen dugu eta Elkartasun Krosean beraiekin ateratzen naiz; aurten ere bai.
Zergatik amaitu urtea korrika eta mozorrotuta?
Niri kirola izugarri gustatzen zait, eta batez ere korri egitea. Lagunekin horrelako giroan eta mozorrotuta, niretzat oso polita da. Pentsatzen jarrita ezin dut pentsatu hori egingo ez nukeenik. Urtea horrela bukatzea gustatzen zait.
Galdera, beraz, ondorengoa da: zergatik ez amaitu urtea horrela?
Hori da. Gure kasuan lagun baten dendan janzten gara. Xanpaina ere ateratzen dugu, eta korri egitea gustatzen baldin bazaizu, lagun artean, oso polita izaten da. Niri behintzat ez zait luzea suertatzen.
Tolosari mozorroak gehitzen baldin badizkiozu inauteria ateratzen da. Nondik sortu zitzaizuen urteko azken egunean mozorrotzeko ideia?
Gure kasuan ez dakit ideia nondik sortu zen. Arrameleko Krosa korritua nintzen eta lotsa puntu batekin. Ez zait gustatzen Tolosan korri egitea sailkapenari begira; dena ematera joatea. Mozorrotuta beste kutsu batekin ibiltzen zara. Eguna horrela da eta horregatik ateratzen zara. Pixka bat ezkutuan joaten zara. Niretzat festatik gehiago dauka lasterketatik baino. Gure artean, beraz, besterik gabe sortu zen ideia eta urteroko ohitura bilakatu da.
Noiz erabakitzen duzue mozorroa?
Bezpera arte ez dugu jakiten zertaz aterako garen. Taldean bateren batek ideia botatzen du, beste batek argazkiren bat bidaltzen du mozorroarekin eta gainerakoek euren ekarpenak egiten dituzte. Bakoitzak bere aldetik osatzen du mozorroa. Gutxi gorabehera horrela izaten da mozorroen prozesua.
Orain arte erabili dituzuen mozorroak zeintzuk izan dira?
Etiopeko korrikalariz atera ginen urte batean, bandera eta guzti. Beste batean udaletxeko korporazioaz, sanjoanetako prozesioan bezala, baina korrika. Urte amaierako kotilioiaz ere atera ginen, lentejuelazko soineko batekin. Txakurra eta artaldearena ere gogoan dut...
Jendeak kanpotik nola begiratzen zaituzte edo zuek nola ikusten dituzue?
Azkenean ez zoaz jendeari begira. Norbaitek izenez deitzen baldin badizu animoak emateko konturatzen zara, baina bestela mozorroan sartuta zoaz eta giro horrek erabat murgiltzen zaitu.
Urtea, beraz, inauterien kutsuan amaitzen duzue eta hasi, berriz, zer esanik ez.
Festa eta festa dira. Tolosarrak izanik hori barruan daukagu. Ez dugu lotura zuzenik egiten, baina batzuetan inauterietan ibilitako mozorroekin ateratzen zara Elkartasun Krosean. Artaldea eta txakurraren kasuan, adibidez, ardien mozorroa etxean nuen eta horrekin irten nintzen korrika. Ez dakit noizkoa zen, baina inauteri batzuetan erabilia neukan. Korporazioaren kasuan ere, Sevillana jantzien soinekoak hartu, konponketa batzuk egin eta aurrera. Berrerabili egiten dituzu mozorroak azkenean.
Zuentzat eguna hor amaitzen da edo taldean zerbait gehiago egiten duzue?
Korrika ateratzen garenok gero elkartu eta xanpainarekin ospatzen dugu. Ondoren, bakoitza bere familiarekin joaten da.