Urriaren 18an soineko berriz zabaldu zituen, Tolosako Aroztegieta kaleko 1. zenbakian, garai bateko Txirrita dendako ateak. Yolanda Saizarrek eta Ziortza Larrartek Bizziz proiektuari ekin diote bertan eta, dendarentzat aukeratutako izena ez da kasualitatea: beren eskaintza osasun ziztada bat da, osasunarentzat.
Lokalaren jabeak apiterapiaren inguruko egitasmoren bat jartzeko ametsa omen zuen eta, horrela, duela pare bat urte proposamena egin zion Yolanda Saizarri: «Niri erakargarria suertatu zitzaidan, eta Ziortzari ideiaren berri eman nion. Horrela, apiterapiari begirako produktuekin batera, beste hutsune bat betetzea ere erabaki genuen: glutenik gabeko produktu freskoak eskaintzea».
Horiek dira, beraz, Bizziz-en ardatz nagusiak: erlauntzetik bideratutako produktuak eta glutenik gabeko produktu freskoak. Dendako arduradunek azpimarratu dute, «gero eta jende gehiagok» eskatzen dituela glutenik gabeko produktuak; izan ere, zeliakoen elkartearen arabera, zeliakoen %70 diagnostikatu gabeak dira eta, gainera, alergiak eta intolerantziak ere badira.
Modu horretan, «okindegi eta gozodendetan ez dauden produktuak» eskura daitezke Bizziz-en: ogia, pastak, opileria, madalenak, tartak, pastelak eta horrelakoak. Aipatzekoa da, bide batez, Eguberriei begira glutenik gabeko errege opilak ere eskainiko dituztela, eta aurrez egin beharko dela eskaera, abenduaren 22a baino lehen.
«Saltoki handietan bada glutenik eta laktosarik gabeko produktuen eskaintza, baina, ia beti, ekoizle horiek azukre eta kontserbagarri asko izaten dituzte; guk hortik bereizi nahi izan dugu». Horregatik, produktu freskoen eskaintzarekin batera, irinari eta zerealei loturiko glutenik gabeko ontziratuak ere badituzte Aroztegieta kaleko txokoan: pasta, zerealak, ogia, saltsak nahiz garagardoa.
Eztia harribitxi
Establezimenduaren zigilua produktu bakar eta bereiziak eskaintzea da eta, bide horretan, Bizziz dendako apalategietako ezti eskaintza ere lanketa baten ondoren aukeraturikoa izan da. Batetik, Gipuzkoako bi erlezainekin lan egiten dute, zuzen-zuzenean. Ezti ekoizle baten erleak laku berean egoten dira urte osoan barrena eta, aldiz, beste eztigileak Nafarroan eta Araban izaten ditu eta, urte garaiaren arabera, lekualdatu egiten ditu erleak: «Horrek, ia lore bakarreko eztiak lortzeko aukera eskaintzen dio, nahiz eta Euskal Herrian hori oso zaila den». Hain justu horregatik, Espainiako beste bi ekoizleren produktuak ere badituzte dendan, lore bakarreko eztiak bezeroen eskura jartze bidean.
Euskal Herriko ekoizleen eztiak ekologikoak dira, eta erosi aurretik dasta daitezke.
Eztia produktu izarra da, erlauntzetik eratorritakoen artean, baina, Bizziz-en, erlauntzetik eratorritako beste hamaika salgai ere badituzte: propolea hainbat formatotan, kremak, xaboiak, jalea,... Azken horien hornitzailea familia txiki bat da eta, Bizziz dendaren bide beretik, kalitatea lehenesten dute.
Azkenik, apiterapia zerbitzuak biribiltzen du, bizitzarako ziztada osasuntsuaren ideia. Erlearen pozoina edo apitoxina bidezko tratamendua da, bereziki onuragarria gihar eta artikulazioetako hanturetarako, nahiz gaixotasun inmunologikoetarako, eta zortzi asteko gutxieneko tratamendua beharrezkoa da. Tolosaldean, Bizziz aitzindari izan da apiterapia zerbitzua eskaintzen, eta aurrez hitzordua eskatzea beharrezkoa da, erleen ziztada bidezko tratamenduari ekin aurretik, kasu bakoitza aztertzeko.
Bizziz establezimenduari buruzko informazio osoagoa eta xehetasunak jasotzeko, Tolosako Aroztegieta kaleko lehenengo zenbakira jo daiteke, edo 943 53 59 03 eta 688 77 81 33 telefono zenbakietako batera deitu.