Banatu dituzte Hi haiz, Hi! jaialdiko sariak

Ataria 2018ko abenduaren 20a

'Ireki Begiak' filmak, dantza ikuskizun batek eta 'Lehen testua' obra literarioak eskuratu dituzte hiru sariak.

Berdintasunaren aldeko aldarria egin zuten, atzo, batxilergoko lehen mailako Tolosaldeko ikasleek Hi haiz, hi! jaialdian. Hilabetetako lanketa egin dute berdintasunean oinarritutako hezkidetza formazio saioen bitartez, udaleko Gazteria eta Berdintasun teknikariekin elkarlanean eta Kattalin Minerren gidaritzapean. Lanketaren itxiera modura egin zuten aurten 9. edizioa duen jaialdia.

Hiru sari zeuden jokoan. Lehen aldiz literartur arloko saria banatu zuten, eta Maitane Usandizagaren 'Lehen testua' lanak jaso zuen saria. Hi haiz, hi! jaialdiko lehen saria, berriz, Goretti Orejaren 'Ireki Begiak' film laburrarentzat izan zen; bigarren saria, aldiz, Aitana Diaz, Laida Garce eta Paule Zeberiok sortutako dantza emanaldiarentzat izan da. 225 euroko sari bana jaso dute, eta ikasleen ikasturte amaierako bidaia finantzatzeko erabiliko dute.

Epaimahaia Orixe Institutuko Oneski Barandiaranek, Herrikide ikastetxeko zuzendari den Arantxa Martinezek, Laskorain ikastolako Olatz Hernandezek, eta Begoña Tolosa eta Onintza Lasa zinegotziek osatu zuten.

Argazkiak: Tolosako Udala

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!