Euskararen Bikain ziurtagiria eskuratu du Tolosako Udalak

Ataria 2018ko abenduaren 20a

Argazkia: Tolosako Udala

Tolosako Udalak Eusko Jaurlaritzak ematen duen BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiria lortu du. Olatz Peon alkateak asteartean jaso zuten ziurtagiria, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren eskutik.

Tolosako Udalak 850 eta 899 puntu artean eskuratu zituen, goi mailako ziurtagiria eskuratuz. Ebaluatzaileek hiru indargune nagusi identifikatu dituzte udalean puntuazio hori ematerako orduan.

Alde batetik, Euskararen Ordenantza indarrean izateaz gain, sail guztiei eragiten dien Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana eta hizkuntza irizpideak definituak dituela nabarmendu dute. Bestalde, lanpostu guztietan eskatzen da hizkuntza gaitasuna, egiaztatze maila altuarekin. Zinegotziak ere euskaldunak izateak lan hizkuntza euskara izatea errazten duela gaineratu dute. Azkenik, agirien estandarizazio prozesua hasi dutela azpimarratu dute behatzaileek.

Alkatearen iritziz, «euskararen erabileran udala bere osotasunean burutzen ari den lanaren errekonozimendua da».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!