Gabirondo zapata denda, 140 urte zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2018ko abe. 19a, 08:52

Argazkiak: Joseba Urretabizkaia

Tolosako Gabirondo zapata dendak 140 bete zituen pasa den azaroaren 2an. Pedro Gabirondok eta Manuela Aranburuk ireki zuten 1878an, sagardotegia izandako lokal bat ikustera joan zirenean.

Korreo kaleko mutur batetik hasi eta beste muturreraino, denda bakoitza zein familiatakoa zen buruz zekien jende askok garai batean. Orain ariketa zailagoa da hori, izan ere denda asko aldatu egin dira azken urte hauetan. Gorabehera asko ezagutu ditu merkataritzak eta zaila da negozio bat irekita eta martxan edukitzea.

Horregatik meritu handiagoa du denda batek 140 urte betetzea zabalik, jendeari bere zerbitzua eskaintzen. Azaroaren 2an izan zuen urteurren hori Tolosako Korreo kaleko Gabirondo zapata dendak, 1878an ireki baitzen. Eta Gabirondo familia pozik ageri da nork jarraituko duen ziurtatuta dutelako. Tolosako denda zaharrena da eta kanpoan ere gutxi izango dira urte horietara iritsi direnak.

1978KO KORPUS EGUNA

Denda honen historia luzea Ibarrako Pedro Gabirondok eta Aizarnazabalgo Manuela Aranburuk hasi zuten 1878ko Korpus egunean, sagardotegia izandako lokal bat ikustera joan zirenean. Felix Antonio Soroeta nagusiarekin tratu batera iritsi eta denda prestatzeko lanak egin ondoren, 1878ko azaroaren 2an ireki zizkieten zapata dendako ateak erosleei lehen aldiz. Denda, pisua eta ganbararen alokairuaren fakturak gordeta dituzte eta data hori hartzen dute sorreratzat. Hala ere, bi agiri zaharrago ere badituzte, 1874koak, San Krispin eta San Krispiniano zapatarien gremioko akta liburuan kofrade gisa agertzen dena eta Antonio Elosegi txapel fabrikako nagusiari egindako faktura hainbat erosketa eta konponketagatik.

Denda honetako bigarren belaunaldia sortzaileen bi semek osatzen dute, Gervasio eta Nazario, horiek izan baitziren familiako negozioa jarraitu zutenak izan zituzten zazpi seme-alaben artean. Tolosan jarri aurretik Zestoan eta Leitzan aritu ziren lanbide berean.

Gervasioren semeak, Pedro, eta Antonia Garmendia bere emazteak hartu zien txanda, hirugarren belaunaldia osatuz. Hauen bost seme-alabetatik denek esku bat bota dute txikitatik, baina bik, Maria Isabel eta Maria Izaskun, jarraitzen dute negozioan erabat murgilduta gaztetatik, laugarren belaunaldia izanik.

ALDAKETAK

140 urtetan asko aldatu da dena: gizartea, denda, zapatak, lanbidea… Dendak Errementari kaletik beste sarrera zeukan. Sukaldea ere bazeukan eta larunbatetan eta astelehenetan bertan bazkaltzen zuten denek, denda itxi gabe, janari eta ganadu azoka horietara jende asko etortzen zelako. Bizimodu osoa bertan egiten omen zuten. Garai batean zapatak neurrira egiten ziren eta konponketa lan asko egiten ziren, zapatak garestiak eta kalitatekoak izaten zirelako, asko irauteko eginak. Gaur egun errazago aldatzen dira eta oinetako pare ugari izaten dira etxeetan. Eskuz egindako artisau lan horiek egiteko langile asko izaten zituzten Gabirondon, hamabi izatera iritsiz, eta greba egitera iritsi zirela kontatzen dute familian. Haietako batzuk bere kontura jarri ziren lanean.

EMAKUMEEKIN, BATEZ ERE

Zapatak egitearena eta konpontzearena aspaldi bukatu zen eta azken hamarkadetan salmentan bakarrik aritu dira Gabirondo bi ahizpak. Oinetakoen estiloa, kolorea eta materiala ere asko aldatu da. Aspaldiko oinetakoak berdinak izaten ziren bi oinetarako, eskuina eta ezkerra bereizi gabe. Gaur egun gehienbat emakumeen zapatekin egiten dute lan, nahiz eta gizonezkoentzat ere zerbait izan. Aspaldi utzi zituzten haurren oinetakoak, lanerako konplikatuagoak direlako. Kalerako ere kirol oinetakoak asko ugaritu direla aitortzen dute bi dendariek. Espainiako toki desberdinetatik ekartzen zituzten lehen bere salgaiak eta orain Europako hainbat herrialdetatik ere ekartzen dituzte.

Garai zailak bizi ditu merkataritzak. Batez ere, Leitzarango autobiaren eraikuntzarekin Nafarroako bezeroen galera nabaritu zuten Gabirondon. Gaur egun konpetentzia izugarria dute denda txikiek Interneteko salmentarekin eta zentro komertzial handiekin. Hala ere, Tolosak merkatal gune garrantzitsua izaten jarraitzen du, bezero fidelak dituzte Gabirondon eta saltzaileak gustura daude salmentekin. Maria Isabel eta Maria Izaskun Gabirondok lana apirilean utziko dute, baina negozioarekin nork jarraituko duen aurkitu dute, gremioaren barruan gainera, eta zapata-dendak zabalik jarraituko du izena mantenduz. 140 urteren ondoren, katea ez da eten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!