Ekainerako biribildu nahi dute Tolosaldeko Emakumeen Etxea

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko abe. 19a, 07:59

Etxea Corazonistak zeudeneko etxebizitza berrien azpian gorpuztuko dute; dena den, Tolosako Udalak ez du, oraindik, erabaki zehatzik onartu

Tolosaldeko Emakumeen Etxea sortzeko parte hartze prozesua lehen harria jartzera doa, lehen fasea ia osatuta. Joan den astean gune zabalaren azken bilkura izan zen eta, bertan, orain arte landutakoa aukezteaz eta ekarpenak jasotzeaz gain, aurrerantzean egin beharreko lanak ere zerrendatu zituzten: emakumeek ekainerako prest izan nahi dute azken proiektua.
 
Joan den maiatzean ekin zioten bideari eta, abendura bitarte, hiru gunetan aritu dira lanean: talde eragilean, mahai politiko-teknikoan eta, azkenik, gune zabalean.
 
Bide horretan guztian, emakumeen etxearen helburuak, erabilera, ezaugarriak, printzipioak eta filosofia, jarduera motak, kudeaketa eredua nahiz funtzionamenduaren lerro nagusiak marraztu dituzte, eta baita hainbat erabaki hartu ere. Besteak beste, etxea eraldatze sozialerako gunea izatea nahi dute, eta emakumeak ahalduntzeko espazioa. Jarduerei dagokienez, berriz, emakumeentzako eskaintza osatuko dute eta, egoki denean, gizonezkoentzako jarduerak eta jarduera mixtoak antolatuko dituzte, betiere, feminismoari lotuta. 
 
Aipatzekoa da, Tolosaldeko Emakumeen Etxea martxan jartzen dutenean, Tolosako Udaleko Berdintasun Sailaren bulegoa hara lekualdatuko dutela: «Horrek sendotasuna emango dio etxearen proiektuari, eta feminismoari lotutako jario guztia zentralizatzeko aukera bat izango da». 
 
Etxeak har lezakeen izen posiblea ere hizpide izan da azken hilabeteotan eta, momentuz, hiru proposamen plazaratu dituzte gune irekian; ez dute erabakirik hartu. 
 
Iritzi eta ikuspegi truke gehien sortu duen gaietako bat Tolosaldeko Emakumeen Etxeko kudeaketarena izan da: talde eragileak erabakigune bat eta koordinazio gune bat bereiztea proposatu zuen ostegunean, baina, oraindik, mahai politiko-teknikoak ez du egitura hori behin betiko onartu. Halaber, zenbait emakumek iradoki zuten, etxearen funtzionamendua kudeatzeko egokia litzatekeela parte hartze prozesuak berak izan duen dinamika etxera egokitzea. Auzi hori nahiz beste zenbait erabaki biribiltzeko, urtarrila amaieran elkartuko dira ordezkari politikoak eta teknikariak, eta bileratik plangintza zehatzago batekin irtetea da beren nahia. 

Gorosabel eraikinaren alboan

Tolosako Udalak ez ditu, oraindik, parte hartze prozesuan trukatutako ideiak eta proposamenak onartu; Emakumeen Etxeak hartuko duen espazioa erabat zehazteke dago oraindik. Dena den, garai bateko Corazonisten eliza zegoeneko gunean izango da Tolosaldeko Emakumeen Etxea, musika eskolaren ondoan. Etxebizitza berriak eraiki zituzten bertan, eta azpiko lokaletan ari dira proiektua antolatzen. Olatz Peon alkateak azken gune irekian azaldu zuen, «oraindik ezin dela jakin aurreko lokala, atzekoa edo biak» bideratuko dituzten etxera; horri udal teknikari eta ordezkariek eman beharko diote behin betiko baietza. 
 
Espazio hori guztia Emakumeen Etxeko beharrak antolatzeko bideratuko balute, gune berriak hiru eremu izango lituzke: Rondilla kaletik gertuen dagoen lokala, trenbidearen aldamenean dagoena, eta haren gaineko solairuartea. 

Ideietatik ekintzetara

Lehen fasea amaituta, Tolosaldeko Emakumeen Etxeari teilatua eraikitzen hastea unea iritsi da eta, horrela, joan den osteguneko bilkuran aurrera begirako lanak ere zehaztu zituzten parte hartzaileek. 
 
Batetik, ezinbestekotzat jo zuten, urtarrilean bertan bigarren faseari ekitea eta, horrekin batera, orain arte jorratutako guztia Tolosaldeko udal guztiei jakinaraztea. Bidearen bigarren zatian Elhuyar taldearen laguntza izatea ere oso komenigarritzat jo zuten talde eragileko kideek, izan ere, datorren ekainerako azken proiektua esku artean izatea dute xede. 
 
Ideia eta erabakiak erabat itxi, eta ekintzetara pasatzeko momentua da, beraz. Tolosako Udalak jakitera eman du, jada, 2019ko aurrekontuko diru poltsa bat emakumeen etxera bideratuko dutela, eta asmo horren harira aritu zen Olatz Peon alkatea, joan den osteguneko bileran ere: «Dauzkagun baliabideekin abiatuko gara, eta bidean hartu beharko dira zenbait erabaki». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!