Bazuen pozteko beharra

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 17a, 13:23

Lehen zatiko aukerak baliatu ondoren, Tolosak 1-2 irabazi du Anaitasunaren zelaian, eta bigarren postutik bi puntura jarri da.

Akabo bolada txarra. Eta ez edozein zelaitan, gainera: Txerloian. Hiru jardunalditan puntu bakarra eskuratu ostean, sailkapenean aurretik den Anaitasunaren aurkako partidak berebiziko garrantzia hartu zuen Tolosarentzat.

Sailkapenean bigarren ziren azkoitiarrak, bost puntura, eta hiru puntuek balio bikoitza zuten: bata, sailkapenean aurrera pauso bat egiteko aukeragatik; eta bestea, eta agian garrantzitsuagoa, arerio sendo baten aurka irabazteak ematen duen indarra eta konfiantzagatik. Eta bazuen poz eta indar hori lortzeko premia talde urdinak.

Lehen zatiaren erdialdean sartu zituzten bi golak tolosarrek. Lehena Zulaikak sartu zuen bere atean, bitan baloia atepetik atera eta baloiak defentsa azkoitiarraren gorputzean jo ostean. Sei minutu beranduago Lekuonak egin zuen bigarrena, erdiraketa bat bikain gurutzatuz. Indartsu ari zen Avellanedaren taldea.

Bigarren zatia hasi ahala, ordea, Anaitasunak gola egin zuen, 47. minutuan, eta hortik aurrera sufritu behar izan zuten. Etxeko taldeak estutu egin zuen azken minutuetan, baita aukera batzuk izan ere, baina ez zen markagailua gehiago mugitu. 1-2 eta poza nagusi.

Ez zen poz bakarra izan, gainerako emaitza gehienak ere lagungarri izan baitzaizkio. Azken asteotan atzetik asko gerturatu zaizkio arerioak Tolosari, baina asteburuan gehienek ez dituzte hiru puntuak lortu. Hernanik galdu egin zuen etxean, eta Mondrak berdindu. Bi taldeak orain lau puntura jarri dira. Sailkapenaren lehen postuan sendo jarraitzen duena Eibar da. 4-1 irabazi zion Aretxabaletari, eta zazpi puntuko tartea ateratzen dio Tolosari.

Bi asteko geldialdiaren aurretik azken neurketa jokatuko du asteburuan Berazubin, Allerruren aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!