Abenduaren 26an zabalduko ditu ateak XXIII. Tolosako Merkatu Txikiak

Ataria 2018ko abenduaren 14a

23. urtez antolatuko du Merkatu Txikia Laskorain Ikastolak, eta gobernuz kanpoko hiru erakunderi bideratuko diete bildutako dirua. Astelehenean hasiko dira material bilketarekin, eta muntaiarako boluntarioak eskatu dituzte.

Abenduaren 26an zabalduko ditu ateak Gabonetan ohikoa bihurtu den Merkatu Txikiak, Laguntza bat, irrifar bat lelopean. Gabonetako oporrak amaitu bitarte izango da zabalik, egunero, 10:00-13:00 eta 17:00-20:00 arteko ordutegian, kultur etxeko areto nagusian.Gobernuz Kanpoko hiru erakunderen –Baltistan Fundazioa, Ibarratik Misio Taldea eta Tolosaldea Sahararekin– proiektuak laguntzera bideratuko dute bildutako dirua aurtengoan ere.Datorren astean abiatuko dute material bilketa, astelehenetik asteazkenera. Horretarako, lokal bat jarriko dute Plaza Zaharrean, eta bertan izango dira 18:00etatik 19:00etara. Osteguna eta ostirala, berriz, kultur etxean muntaia lanak egiteko baliatuko dituzte, eta orduan ere izango da materiala uzteko aukera (10:00-13:00 eta 16:00-18:00). Dena den, behin merkatua zabalduta,han bertan utzi ahal izango da materiala.Urtero bezala, egoera onean dauden jostailuak, erabiltzeko moduan dauden jantziak, liburuak, CD eta DVDak, altzariak, koadroak eta bestelakoak bilduko dituzte.

Boluntario bila

Merkatu txikiaren bueltako lanak egin ahal izateko boluntarioak eskatu ditu Laskorain Ikastolak. Horretarako hiru orduko txandak antolatu dituzte, eta ikasle, ikasle ohi, irakasle, guraso eta bestelakoei luzatu diete parte hartzeko deia. Dendek emandako produktuak jasotzeko eta biltokira eramateko 16 pertsona behar dira gutxienez. Abenduaren 20 eta 21eko muntaiarako beste 15 pertsona behar dituzte. Bestelakoak, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era arteko salmena lanetarako bideratuko dituzte. Laguntzeko borondatea dutenek, honako formulario hau bete beharko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!