Aukeran konpainia proposamen berriekin igoko da, bihar, Leidorreko oholtzara

Ataria 2018ko abenduaren 13a

Argazkia: Aukeran

20 urteko ibilbideari errepasoa egingo dio Aukeran Dantza Konpainiak, bihar, ostirala, Leidor Aretoan. 20:30ean izango da ikuskizuna.

Aukeran Dantza Konpainia bere 20. urteurrena ari da ospatzen. Bi hamarkadaz dantza tradizionala eta garaikidea uztartu ditu, esperimentazioaren bidetik, proposamen artistiko berritzaileak eskainiz.

Bada, ideia berriak plazaratzearekin batera, urteotako lanaren isla izango da larunbatean Leidor Antzokian eskainiko duten 20 urte izeneko emanaldia. «20 urteotan ehunka emanaldi egin ditugu, milaka entsegu. Dantzariak, zuzendariak, teknikoak, jostunak... talde oso baten lanordu askoren isla izango da emanaldia». Batik bat, bere azken hiru ikuskizunetan –Gernika, Geltokia eta Maurizia– jarriko du fokua, atzera begirako bidaia proposatuz.

Edu Muruamendiarazek zuzendutako taldeak elementu ugari uztartuko ditu emanaldian: koreografiaz gain, musika, eszenaratzea, argiztapena, janzkera... Horretarako, aparteko kolaboratzaileak izango ditu Aukeranek: Ainhoa Aierbe aritu da zuzendaritza eszenikoan; Mixel Ducau ezagunaren musikak girotuko du emanaldia, Xabi Zeberio, Xabi Solano eta Iñigo Egiaren laguntzarekin; Carlos Solano arduratu da argiztapenaz, eta Oscar Armendariz jantziez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!