Indarkeria matxistaren aurka, «guztiok batera mila pauso aurrera»

Imanol Garcia Landa 2018ko abe. 13a, 12:35

Bederatzigarren urtez Hi haiz, Hi! jaialdia antolatu dute Tolosako hiru ikastetxeetako batxilergoko lehen mailako ikasleek, udalaren laguntzarekin. Abenduaren 19an, 20:00etan, Topic-en izango da ekitaldia.

Jaialdiaren aurkezpenean Nuria Carbonell Kultura, Jaiak eta Gazteria zinegotzia eta antolakuntzan parte hartzen ari diren ikasleak izan dira. Carbonellek adierazi duenez, «genero indarkeriari dagokionean aurretik dugun ibilbidea oso luzea da, baina baita ere esan behar da pauso batzuk eman ditugula. Tolosako Udala beti prest dago indarkeria sexista prebenitzeko, detektatzeko, eta jarrera aktiboak sustatzeko, eta honetarako hemen dauzkagu gazte pila bat oso lanketa ona egiten ari direnak». Zinegotziak gaineratu duenez, «indarkeria sexista ardatz izanik Tolosako ikasleekin lan dinamikak ezarri eta garatu ditugu, jaialdi hau lanketa horren muina izanik».

Aurkezpenean izan diren ikasleek azaldu dutenez, Beldur Barik egitasmoaren barruan eskola prestakuntza saio batzuk jaso dituzte urrian, eta ondoren indarkeria sexistaren inguruan interesa zutenek biltzen jarraitu dute, Hi Haiz Hi jaialdia antolatuz, Guztiok batera mila pauso aurrera lelopean. Aurten landu dituzten gaiak aipatu dituzte: emakumeak historian, hezkuntza sexista eta estereotipoak, mikromatxismoak eta eguneroko jazarpenak, sexualitatea eta ahalduntzea. Prestakuntzan ikasleak Tolosako Udaleko Gazteria eta Berdintasun teknikariekin elkarlanean eta Kattalin Minerren gidaritzapean aritu dira.

Bi sari banatuko dira

Jaialdirako hainbat lan prestatu dituzte. Horietako bi Beldur Barik - Hi Haiz, Hi! Lehiaketara aurkeztu ziren bi bideo, 1000 esker Iruratik eta Ireki begiak Tolosatik. Horiek zuzenean parte hartuko dute datorren asteazkeneko jaialdian. Bestalde, jaialdirako espresuki hainbat ikuskizun prestatu dituzte. Aurten, lehiaketarako literaturaren atala ere zabaldu dute. Jaialdian parte hartzen duten lan horietako bi sarituko dira, 225 euroko txeke banarekin.

Ekitaldirako sarrerak bost euro balio ditu eta Topic-eko leihatilan eskuratu ahal izango da egunean bertan. Ohiko eran, jaialditik lortutako dirua ikasleen ikasturte amaierako bidaia finantzatzera bideratuko da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!