Mugi Tolosako partaideen irudiak, horma egutegi batean

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 12a, 15:38
Argazkia: Tolosako Udala

Ekimena gehiago ezagutarazteko eta belaunaldien arteko elkargune izateak duen aberastasuna bistarazteko helburuz atera dituzte egutegiak

Mugi Tolosa ekimenak bere V. edizioa abiatu zuen urrian eta asteazkenero, gazte zein heldu, Tolosan barrena ibilbideak egitera ateratzen dira. Ikasturteko lehen saio hauetan, bataz beste, ia 200 pertsona inguru atera dira astero. Orain, urtea amaitzear dela eta berria hastear, bigarrenez egutegi bat osatu dute. Ekimena gehiago ezagutarazi eta belaunaldi ezberdinen elkargune izateak duen aberastasuna bistaratzeko asmoa du ekintza txiki horrek. Guztira 1.000 ale kaleratu dituzte. 2018ko saio ezberdinetako argazkiek osatzen dute Mugi Tolosaren bigarren horma egutegia, protagonista parte hartzaile zein boluntarioak izanik. Hain zuzen, parte hartzaile guztien artean banatu zituzten atzo, egutegiak.

Udalak gogoratu du ekimena herritarrei zabalik dagoela, eta nahi duen orok duela ibilbide osasuntsu horietan parte hartzeko aukera. Asteazkenero biltzen dira, 10:30ean eta 11:00etan, Zerkausian.

Egun bakoitzean antolakuntza, elkarte ezberdinen eta udalaren artean elkarbanatu da. Aurten inoiz baino eragile gehiago dira Mugi Tolosaren parte, 17, udalarekin batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!