Lehen Parte hartze ordenantza sortu nahi du Tolosako Udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko abe. 13a, 08:59

Tolosatzen parte hartze prozesua hirugarrenez osatu dute, eta 2019. urteko aurrekontuan txertatuko dituzte bertan mamitutako zenbait proiektu

Tolosako Udalak lehenengo parte hartze ordenantza garatzeko asmoa iragarri du, 2019ko urte politikoari begira. Datorren urteko aurrekontua onartzear direla, udalak plazaratu egin nahi izan ditu Tolosatzen parte hartze prozesuko hirugarren aldiak emandakoak, eta agerraldia egin dute, horretarako, Joseba Ormazabal Herritarrekiko Harremanak, Partaidetza eta Informazioaren Gizartea batzordeko zinegotziak eta Garikoitz Lekuona udaleko parte hartze teknikariak. Horrela, ordenantza berriaren proiektua lan egiteko modu hori «sendotzeko» pausotzat jo dute.

Hirugarren Tolosatzen berezia izan da, besteak beste, arrazoi batengatik: «2019ko aurrekontuari begira, programazio integral bat osatu dugu, eta herritarrek parte hartzeko aukera izan dute, hitzorduetara bertaratuz nahiz telematikoki».

Joseba Ormazabal zinegotziak azpimarratu du «Tolosako gizartea oso parte hartzailea» dela, urte osoan barrena eta, bere ustez, Tolosatzen proiektuak «norantza bat» ematen dio herritar eta eragile horien guztien parte hartzeari: «Zeharkako begirada bat eskaintzen du eta, udaleko sailen, herritarren nahiz eragileen ikuspegiei, herri eta komunitate ikuspegia eskaintzen die programazio integralak».

Udalaren iritziz «pauso garrantzitsua» izan da parte hartze prozesua udal gai guztietara begira diseinatu izana, eta hurrengo urtean hori mantendu eta indartu nahi dute. Batetik, udazkenean antolatutako parte hartze programa udaberrian ere prestatuko dute eta, bestetik, udal departamendu berri bat sortzeko lanean dihardute: Komunitatea eta Gobernantza. «Orain arte, udal langileen lan talde batekin kudeatu dugu gardentasuna oinarri duen lan egiteko modua, baina, uste dugu, izaera propioa merezi duela horrek guztiak».

Horrela, beraz, Komunitatea eta Gobernantza udal departamentua osatze bidean da eta, Garikoitz Lekuona udal teknikariarekin batera lan taldea osatzeko, enplegu plana baliatuko du Tolosako Udalak: «Departamentu horren ardura izango dira parte hartzea, plangintza estrategikoen kudeaketa, gardentasuna, herritarrekiko harremanak eta senidetzeak nahiz kanpo harremanak».

ZUMARDI TXIKIA, GENEROA ETA INKLUSIOA, BESTEAK BESTE

Garikoitz Lekuona teknikariak nabarmendu du saio «intentsoak» izan direla, aurrekontuari begirakoak. Aurrez garatzen hasitako proiektuen inguruko saioak egin dituzte, batetik, eta 2019ari begira lan lerro berriak proposatzeko saioak, bestetik; 17 saio horietan, 153 herritarrek parte hartu dute saio presentzialetan, eta 20 pertsonak helarazi dute beren iritzia.

Tolosarrek lau sail nagusiri begira pertsona, hezkuntza eta kultura, ingurumena eta lurralde antolakuntza eta garapen ekonomikoa egin dituzte proposamenak eta, horiek bildu eta gero, udal teknikariak eta politikariak galbahea pasatzen dihardute, 2019ko aurrekontuari begira. Udal gobernuak datozen egunotan iragarriko ditu, hurrengo urterako asmoak.

Dena den, honakoak dira Tolosatzen egitasmoan gehien nabarmenduriko gogoak: behar bereziak dituztenen topalekuak sortu, herri irisgarriago eta inklusiboago baten alde; Tolosako euskararen eta sormenaren ikur izatea; gazteriaren beharrak aintzat hartzea; generoaren zeharkakotasuna indartzea; Zumardi Txikiko espazioarekin zerbait egitea; eta aliantza publiko-pribatuak garatzea, bai hezkuntzari, bai ekintzailetasunari begira. Azkenik, hezkuntza mahaia sortzeko ideia ere prozesuan sortu zen, eta jakinarazi dute jada martxan direla, foroa gorpuzte lanetan.

Emakumeen etxeko azken bilera irekia, gaur

Tolosaldeko Emakumeen Etxea oso gertu dago, ideia izatetik ideia gorpuztera pasatzeko, eta gaur izango da bigarren faseko azken bilera irekia. Hitzordua 19:00etan jarri dute, Tolosako udaletxeko pleno aretoan, eta bertaratu nahi duten emakume guztiak deitu dituzte bilkurara. Besteak beste, etxea erabat definituko dute, eta erabaki garrantzitsuak marraztu.

Eskualderako emakumeen etxe bat sortzeko bideari aspaldi egin zioten eskualdeko hainbat feministak, baina 2018an barrena garatu dute asmoa gorpuzteko ibilbidea.

Horrela, Tolosako Udalak 20.500 euroko inbertsioa egin du orain arteko parte hartze prozesuan eta, iragarri dutenez, 2019ari begira, aurrekontuan 28.000 euroko ditu poltsa bideratuko dute Tolosaldeko Emakumeen Etxearen proiektua martxan jartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!