Egun osoko pilota festa hartuko du Beotibarrek, larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 12a, 14:24
Joan den urteko irudia

Aisiako Emakumea Pilotariko Paleta Txapelketa Azkarra jokatuko dute 10 bikotek goizean, eta arratsaldean, federatuen Emakumea Pilotari Txapelketako gomazko paletako finalak izango dira.

Aurreko denboraldietako arrakasta ikusirik, aurten ere emakume pilotariak protagonista izango dituen festa eguna antolatu dute, larunbaterako Tolosako Beotibar pilotalekuan. Bi hitzorduk osatuko dute egitaraua.

Goizean Aisiako Emakumea Pilotariko Paleta Txapelketa Azkarra jokatuko dute. 10 bikotek eman dute izena aurten txapelketan: Edurne Osa - Helena Artano, Kristina Ezkurdia - Emeren Gelbenzu, Ana Odriozola - Maria Ostolaza, Mirari Arzalluz - Amaia Aizpuru, Leire Martin - Eneritz Elorza, Larraitz Etxaniz - Amaia Gonzalez, Isa Ayerdi - Maite Almandoz, Amaia Alkorta - Arantxa Gorostegi, Ane Diaz - Maialen Garmendia, eta Laura Carretero - Ana Mayoz.

Bi multzotan banatuko dituzte pilotariak, 09:45ean egingo den zozketan. 10:00etan hasiko da ligaxka, eta 14:00k aldera arte ligaxka jokatuko dute. Partida guztiak 15 tantora edo 10 minutura izango dira.

14:30ean bazkaltzeko elkartuko dira denak, eta 15:50ak aldera finalerdiak hasiko dira: aurrena A multzoko lehen bikote sailkatua B multzoko bigarrenaren aurka, eta ondoren B multzoko lehenengoa A multzoko bigarren sailkatuaren kontra. Finalerdiak 15 tantora edo 15 minutura izango dira. Finala, berriz, 16:30ean jokatuko dute, hemen ere, 15 tanto edo 15 minutura.

Federatuen finala ondoren

Ezker Hormako Emakumea Pilotari Txapelketaren gomazko paletako finalak jokatuko dira segidan, 17:30etik aurrera. Eskualdeko presentziarekin, gainera. Bigarren mailako finala jokatuko da lehenengo: Mateos-Agirre eta Lopez-Herrero izango dira nor baino nor gehiago. Jaialdiarekin amaitzeko, lehen mailako finala jokatuko dute Irazustabarrena eta Arrillagak, Maiza eta Maider Mendizabalen aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!