Tolosa eta Tafalla lotuko ditu argazki erakusketa batek

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko abe. 12a, 12:28

T+T erakusketa bi herrien arteko zubi izango da, 30 gai ardatz hartuta; ostiraletik urtarrilaren 12ra bitarte zabalik izango da. 

Targazki taldeak T+T erakusketa antolatu du, elkarlanean, Tafallako Higuera argazki taldearekin, eta Aranburu jauregia atonduko dute, proiekturako bereziki egindako argazki sortarekin. Erakusketa gunean bertan aurkeztu dute egitasmoa, Targazkiko kideek eta Patxi Amantegi Tolosako Udaleko ordezkariak eta, aitortu dute, "herri honetan gauza on guztiak bezala", bazkari baten bueltan sortu zela Tolosaren eta Tafallaren arteko lotura egiteko ideia. 

T+T proiektua "hilabetetako lana" izan da bi argazki taldeentzat, izan ere, bi herriek komunean dituzten ezaugarriak zerrendatu, eta horiek iruditan azaltzea izan da, argazkilarien egitekoa: "Horrela, Felipe Gorriti gaitzat hartu dugu, adibidez, bi herrietan organo jotzaile aritu zelako. Edo Santa Maria eliza ere bai, bietan baitago". Guztira, 30 gai izoztu dituzte iruditan, eta gai bakoitzak bi argazki izango ditu; Tolosakoa bata, eta Tafallakoa bestea. Irudi pareek zubi bat ere izango dute, hitzezkoa, kasu honetan, eta Emilio Latorrek idatzi ditu; "tolosa-tafallarra baita". 

Erakusketa ostiralean zabalduko dute, eta urtarrilaren 12ra bitarte izango da ikusgai. 

Hiru batean

T+T erakusketarekin batera, Targazki taldeak beste bi bilduma ere txertatu ditu Aranburu jauregiko proiektuan; biak ere, Asier Garagarza taldekidearen ingurukoak. 

Batetik, 2017ko argizaiola sarian Garagarzak egindako lana ikusgai izango da eta, bestetik, XXXII. Espainiako Argazkilaritza Konfederazio kongresuko lehen hiru finalisten lanak ere bilduko dituzte. Asier Garagarza irabazle suertatu da sariketa horretan eta, horrenbestez, bere argazkiekin batera, beste bi artistarenak ere Aranburun izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!