«Nire lana ez zitzaidan gehiegi gustatzen, hau da, ez nuen bide hori segi nahi eta betidanik moda interesgarria iruditu zaidanez, aurrera egin nuen», dio dendariak.
Tolosako Gernikako Arbolan dagoen denda txikia da, baina Silvia Vecinok ziurtatu du denetik aurkitu dezakeela bezeroak. Dendara gerturatzen den jendea adin desberdinekoa dela aipatu du, «gezurra ematen du, baino denek aurkitzen dute gustuko zerbait». Izan ere, Serendipity hitzak dendako filosofia eta giroa ongi definitzen du: «Bilatzen ari ez zaren hori aurkitzea, ustekabean, sorpresa atsegin bat, alegia».
«Dendara etortzea esperientzia aberasgarria» dela esan du eta bezeroek momentu on bat pasatzeko aukera ere badutela gehitu du: «Azken finean guztiek parte hartzen dute, aholkuak ematen dituzte euren artean eta guk enpatia dugu haiekin». Komertzio txikiek bezeroarekiko harremana sendotzen duela uste dute, salmenta gertukoa delako. Hala ere, Serendipity denda txikia izan arren, jendea dendara sartzera, dagoena ikustera, modaren inguruan hausnartzera eta, orokorrean, erlazionatzera bultzatu dute, «gaur egun, jendeak ulertu behar du ez dela ezer pasatzen erosten ez badute, agian, hurrengo batean etortzen direnean gustatuko zaie zerbait». Dendara sartzen diren pertsonekin sortzen den harreman hori maite dute ama-alabek eta aholkuak eta informazioa ematen saiatzen dira, erosi ala ez, dendatik gustura atera daitezen.
Vecinoren iritziz, sektoreak herrian indar handia hartu du. Dendara inguruko jendea joaten da, «gauza bereziak eskaintzen dituztelako», Donostialdetik, eta baita Goierritik ere. «Pilak jarri behar ditugu eta produktu berriak eskaini», esan du dendariak. Bezeroak erakarri behar dira, eta horretarako, kalitatezko arropa saltzea funtsezkoa dela dio Vecinok. Prezio-kalitatearen balantza horretan arropa aurkitzea nahiko zaila dela uste dute, eta horretan ari dira lanean.
Iaz, Alde Zaharrean bigarren denda ireki zuten, Serendi. Han, egunerokoan janzten den arropa eskaintzen dute, bestean, berriz, «gauza bereziagoak». Bi estiloak uztartu daitezkeela uste du Vecinok eta bezeroei aukera hori eskaini nahi diela, «egingo dutenaren edo aldartearen arabera, janzkera aproposa aukeratu ahal izateko». Dendariak dio «interesgarria iruditzen zaiola bi dendetan gauza desberdinak eskaintzea». Dendez gain, Internet bidez Espainian bidalketak egiten dituzte.
Datuak
Serendi: Korreo Kalea 44, Tolosa
Serendipity: Gernikako Arbola 1, Tolosa
Telefonoa: 639 71 17 40
Instagram: serendipitysplace
Facebook: Serendipitiysplace