Moda gehigarria

Ubel. Frantses ukituarekin, erromantikoa

Ataria 2018ko abe. 11a, 08:13

Datorren otsailean hemezortzi urte beteko ditu Tolosako Laskorain kaleko 3. zenbakian dagoen Ubel dendak. Emi Marques Jallereren denda adinez nagusituko da, beraz.

Diseinuko ikasketak egin eta denda bat irekitzea izan du betiko amets, modaren gurpilean sartuta dabil ordu ezkero. Hiru lagunen artean daramate denda aurrera.

Atea zabaldu orduko nabari daiteke aire erromantikoa. Frantses ukituko markak ekartzen ditu gehienbat, eta guztiak konbinatzea gustatzen zaio: «Marka ezberdinak elkarrekin bizitzea gustatzen zait, eta fusionatuz look hoberenak lortzen saiatzen naiz». Moda aldatzen doan bezala, bere erritmora eguneratuta egotea garrantzitsua dela uste du. «Berritasunak ekartzea gustatzen zait, ez atzean geratzea». Marka batzuetan, ordea, oinarrizko jantzi batzuk mantentzearen aldekoa da, bere ustez, ondo funtzionatzen dutelako. Koloreekin jokatzea ere gustatzen zaio, arropa eta osagarri berdinekin look ezberdinak osatzen ditu, bezeroak ere aukera izan dezan etxean daukanarekin konbinatzeko.

Garrantzi handia ematen dio Marquesek bezeroekiko harremana zaintzeari, pertsonalizatua behar du izan tratuak: «Bezeroa gure dendatik pozik eta ilusioarekin ateratzea gustatzen zaigu». Bezeroa dendara sartzen den unetik «goxo eta eroso» senti dadin nahi izaten du, eskaintzeko daukana ikus dezala, eta laguntzarik behar badu laguntzea, aholkuak ematea eta dendan daukanarekin jolastea gustatzen zaio.

Esklusibotasunak laguntzen dio bere denda espazio desberdin bat izan dadin. «Nire dendan dauden firmak ez dira errepikatzen beste Tolosako dendetan, eta hori puntu garrantzitsua da». Moda munduan «hoberena» hautatzen saiatzen da, eta aukera «berezi eta zaindua» eskaintzen du. Frantziako eta Europako Iparraldeko markak erabiltzen ditu gehienbat: Des Petits Hauts, Noa Noa, Becksondergaard, ICHI, Pieces, Leon & Harper eta American Vintage bezalakoak aurki daitezke.

Ubel dendara sartzen den edonork goitik behera jantzita ateratzeko aukera du. Arropaz aparte, lentzeria, galtzerdiak, oinetakoak, bufandak, txanoak, poltsak... eta gauza gehiago aurki daitezke. Horrek, modarekin jolasteko aukera ematen dio. «Zerbait berezi eta desberdina aurkitu nahi duenak, eta kalitatea bermatuta izan nahi duenak, nire dendako atea gurutzatzea besterik ez du egin behar». Modaren zale direnentzat eta «naif, chic eta eguneratuta» ibili nahi duenarentzat da Ubel denda.

Datuak

Helbidea: Laskorain, 3 behealdea, Tolosa.
Telefonoa: 943 65 29 25
Instagram: Ubeldenda

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!