Haurrentzako zirku tailerrak, Gabonetan, Gure Zirkuaren eskutik

Ataria 2018ko abenduaren 10a

Tolosa&Cok antolatuta, Gure Zirkuak haurrentzako tailerrak eskainiko ditu eguberrietan, Tolosako Zezen Plazan jarri duten karpan. Hilaren 13an zabalduko dute izena emateko epea.

Gure Zirkuako lantalde osoarekin batera, lurreko eta aireko akrobaziak, eta oreka nahiz gorputz hezkuntza landuko dituzte tailerretan.

Tailerrek 3 eguneko iraupena izango dute, eta bi txandatan egingo dira: abenduak 26, 27 eta 28an eta urtarrilak 2, 3 eta 4ean. 10 haurrez osatutako taldeak egingo dira, adinaren arabera, eta talde bakoitzak bi begirale izango ditu. Ikastaroen ordutegiak adinaren arabera antolatuko dira, eta errespetatu egin beharko dira.

Goizez:

  • 09:30 – 10:30 : 7-9 urte
  • 11:00 – 12:00 : 4-6 urte
  • 12:30 – 13:30 : 10-12 urte

Arratsaldez:

  • 16:00 – 17:00 : 8-12 urte
  • 17:30 – 18:30 : 4-7 urte

Abenduaren 13an zabalduko da izen-ematea, txartelak amaitzen diren arte, eta horretarako Tolosa&Co-ren bulegora joan beharko da, 08:00etatik 20:00etara bitarte. Pertsona bakoitzeko hiru bonu eskuratu ahal izango dira, gehienez, eta hiru egunetarako balioko dute soilik. Ez da bonurik erreserbatuko.

Bonuen prezioa 30 eurokoa da, eta ordainketa, Bizum bidez edo txartel bidez egin ahal izango da. Izen-ematea egiterako orduan emango da kontaktua, baita ordainketaren ziurtagiria ere. Izen-ematearekin batera, haurren izen-abizenak, jaiotze-data eta herria zehaztu beharko dira, baita guraso edo arduradunaren izen-abizenak, NANa, jaiotze-data, telefonoa, posta elektronikoa eta herria ere. Horrez gain, Tolosa&Co-k tailerretan egingo dituen argazkiak argitaratu ditzan baimena sinatu beharko da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!