N-1eko Amarozko sarrera-irteeran biribilgunea eraiki eta Bedaioko errepidea konponduko ditu Aldundiak

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 10a, 10:59
Biribilgunea eraikiko duten puntua

Tolosaldeko bide-azpiegiturak hobetzeko bi proiektu onartu zituen, ostiralean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diputatuen kontseiluak.

Alde batetik, biribilgune bat eraikiko dute N-1 errepideko sarrera-irteerak, eta Amarotz eta Apattaerreka industrialdearen artekoak bat egiten duten puntuan.

Orain arte T itxurako bidegurutze bat dago, eta stop seinale bat topatzen dute Irunerako noranzkoan N-1 errepidea hartu behar dutenek. Horren ondorioz, auto-ilarak sortzen dira, batik bat, Usabal eta Apattaerreka industriaguneetako langileen irteera orduetan. Biribilgunearekin trafikoa arindu, eta auto-ilarak murriztu edo ezabatu nahi ditu aldundiak.

Lau besoko biribilgunea izango da, kanpoko diametroak 38 metro izango ditu, eta galtzada zirkularrak 7,8 metroko zabalera. Bidegurutzean batzen diren lau bideetako bik, bi errei izango dituzte; beste biak, aldiz, bakarra.

Biribilgunea eraikitzearekin batera, argiteria ere berrituko dute. LED motako proiektoreak jarriko dituzte kanpoko zirkunferentzian eta bide-adarretan.

Lan horien aurrekontua 371.907,58 eurokoa da, eta 14 asteko epean amaitzea aurreikusi du Aldundiak.

Bedaioko errepidean ere hobekuntzak

Bedaiora doan GI-3711 errepidean ere berrikuntza lanak egitea onartu du diputatuen kontseiluak. Errepide horren arazorik larrienetakoa 4,3 kilometroan dago, Zumizketa baserriaren azpiko bide zatian.

Puntu horretan errepidea hondoratu egiten da, eta ezponda egonkortzeko lanak kontratatzeko proiektua onartu du. 100 metroko luzera izango du ezpondak, eta bataz-besteko 55 metroko zabalera. Horrez gain, bide-zorua ere hobetuko dute, baita hainbat puntutako drainatze-sistema ere. Proiektuak 698.574,68 euroko aurrekontua du.

Lizitazioa abiatu dute, eta hilaren 26ra arte jasoko dituzte proiektuak. Urtarrilean esleituko dute, eta martxoan hasiko dira konponketa lanekin, urtarrileko eta otsaileko eguraldia saihesteko. Lau hilabete iraungo dute lanek.


Errepidea hondoratzen den puntua, 4,3 kilometroan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!