Mikel Alonsok merezitako omenaldia jaso du

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abe. 8a, 20:20

Arratsaldean, ehunka futbolzale, lagun eta familiako kideek omenaldia eskaini diote Mikel Alonso herritarrari. Urte luzez futbol jokalari profesionala izandakoak, Reala eta Antiguoko taldeekin jokatu du gaurko partida bereziko zati bakoitza; azkenean, banako berdinketarekin amaitu da partida.

Aurpegi ezagun asko, eta urte askotan futbol maila ikaragarria erakutsi izan duten jokalari ugari elkartu dira, gaur, Tolosako Berazubi futbol zelaian. Bertan, Mikel Alonso etxeko jokalaria omendu dute, bere agurrean. Futbolean jokatzeari aurtengo udan utzi zion, baina gaur jokatu du azken partida. Gaurkoan, bere taldekide izandako futbolari eta lagunen arteko neurketa bat jokatu dute, eta horiek, bere ibilbide profesionalean garrantzitsuenak izan diren bi talde ordezkatu dituzte: Reala eta Antiguoko.

Gaurkoan bere ondoan izan direnak, bi taldeetan berarekin aritutako jokalariak izan ziren. Realean, batez ere, aurpegi ezagun asko ikusi ahal izan dira, eta hauxe izan da hamaikakoa: Llorca; Lopez Rekarte, Gurrutxaga, Boris, Asorey; Xabi Prieto, Xabi Alonso, Mikel Alonso, Gabilondo; Gari Uranga eta Llorente. Periko Alonso, Xanti Bakero eta Iñigo Elosegi izan dira prestatzaileak. Antiguoko taldean honako jokalari hauek jokatu dute hasieratik: Albeniz; Rios, Larrainzar, Alberdi, Piñero; Asensio, Barandiaran, Larrea, Blazquez; Beñat San Jose eta Dradem.

Antigokokorekin aritu diren jokalariak, duela 20 urte jubenil mailako Errege Kopako finala jokatzeko zorian izan ziren taldekideak izan dira. Bigarren zatia hasi aurretik, gainera, Alonso anaiek kamisetaz aldatu eta Antiguokoko lagunekin jokatu dute. Entrenatzaile lanetan, berriz, euren lehen prestatzaile izan ziren Oscar Landa, Iñigo Santin eta Txurun Furundarena aritu dira.

Agurreko neurketa Berazubin izateak ere bazuen bere berezitasuna: batetik, Alonso anaiek bertan eman zituztelako lehen urratsak futbolean. Bestalde, Periko Alonso aitak ere bertan hartu zuen erretiroa, 80ko hamarkadan. Hori dela eta, ehunka futbolzale bildu dira bertako harmailetan nahiz atletismoko pista inguruan, futbol festaz gozatu, eta Mikeli behar bezalako agurra emateko. Are bereziagoa izan da, epaile lanetan aritu dena, Alonsotarren anaia Jon aritu baita.

Partidari dagokionez, lehen zatian Reala izan da nagusi jokoan, nahiz eta futbolari dagokionez, gauza gutxi ikusi ahal izan diren. Jokaldi polit bat edo beste eta teknika dotoreko zertzeladaren bat edo beste ikusi ahal izan dira. Besteak beste, Gabilondok zelai erditik egindako jaurtiketa bat. Atezaina aurreratuta ikusi du, baina jaurtiketa langara joan zaio. Hain zuzen, Gabilondok berak eman dion pase bati esker sartu du lehen zatiko gol bakarra Xabi Prietok, lehen ordu erdia igarota. Markagailu horrekin heldu dira atsedenaldira.

Orduan, omenaldi eta oparien unea heldu da. Partida hasi aurretik, atera beharreko argazki guztiak atera dituzte jokalariek. Atsedenaldian, berriz, Mikel izan da protagonista. Bi taldeetako jokalariak inguruan zituela, bere izena zeramaten bi taldeetako kamiseta bana jaso ditu. Antiguoko taldeko jokalariek ere, mezu berezi bat idatzita zeraman txapela jantzi diote Mikeli. Honek, umorez hartu du oparia. Ion Alonso ilobak ere plaka bat eman dio oroigarri modura. Baina, ez da omendutako jokalari bakarra izan. Beñat San Jose Donostiarrak ere plaka bat jaso du opari modura, aurten Txileko Liga Txapelketan lortutako lehen postuagatik.

Atsedenalditik bueltan, bigarren zatia jokatu dute. Antiguoko gehiago izan da, eta jarraikortasunari esker, partidako bigarren gola heldu da. Azkenean, 1-1 amaitu da partida.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!