Elolaren oroimenezkoak baditu txapeldunak

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abe. 8a, 14:30

Goizean, Jose Ignacio Elolaren oroimenezko zesta punta txapelketako finalak jokatu dira Tolosako Beotibar pilotalekuan. Gazteen mailan, Berge eta De Betelu lapurtarrek osatutako bikotea izan da garaile; senior mailan, berriz, Antxon eta Manci gailendu dira.

Gazteen mailakoa, partida gogorra izan da, borrokatua, eta azken unera arte erabaki ez dena. Hiru set behar izan dituzte garaileek, 15era jokatu baitira lehen biak, eta bikote bakoitzak bana irabazi dituenez, hirugarren bat jokatu dute 5era. Lehenean, gorriak nagusitu dira; urdinak set guztian aurretik izan badira ere, azken 4 tantoak lapurtarren aldera erori dira. Bigarrenean aise irabazi dute urdinek, eta bazirudien hobeto iritsiko zirela azken set erabakigarrira. Azken horretan, baina, edozein izan zitekeen irabazle, eta gorriek lortu dituzte 5 tanto. Azkenean, Berge eta De Betelu nagusitu dira Arrillaga eta Iturralderen aurka: 15-14/9-15/5-4.

Helduen mailan, hasi eta buka, gehiago izan da bikote gorria. Antxonek eta Mancik, bi set behar izan dituzte Antoni eta Sanchezi irabazi, eta txapeldun geratzeko. 15-12 eta 15-11 gailendu dira faboritoak, eta aurreko asteburuan erakutsitako nagusitasuna gaur ere kantxaratu dute.

Izan ere, pasa den astean jokatu ziren bi kategorietako finalerdiak, kinielen bitartez. Andoni Lertxundi antolatzaileak adierazi duenez, "maila handia erakutsi dute lau bikoteek, eta final oso politak ikusi ahal izan ditugu. Aurreko asteko kinielengatik, pentsatzen genuen gazteen mailakoa parekatuagoa izango zela, eta hala izan da. Bigarren partidako bikote gorriak, berriz, aurrekoan ere sekulako maila erakutsi zuen, eta gaurko emaitza, beraz, espero genezakeen".

Gaur, datorren larunbatean Mutrikun jokatuko diren Ugarein Xistera zirkuituko finalerdietara zein bikote sailkatu diren erabaki da. Abenduaren 22an, Markina-Xemeinen jokatuko dira zirkuitu honetako finalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!