Gerturatu eta hamalau

Erabiltzailearen aurpegia Jone Amonarriz 2018ko abenduaren 8a

Batzuoi ez digu aparteko aldaketarik eragin Euskaraldiak eguneroko ohituretan. Beste hamaika egunez, euskarazko egunkariak irakurtzen gosaldu dugu. Euskaraz jaso eta erantzun ditugu mezuak. Euskaraz egin dugu lan. Euskaraz ikusi dugu albistegia eta entzun dugu irratia. Euskaraz egin diogu lehen hitza dendariari, bezeroari, senideari, lagunari, geure buruari... Euskaraz pentsatu dugu eta euskaraz egin dugu amets. Euskaraz eta euskararekin amesten dugunontzat, ordea, hamaika egunok inflexio puntu izan dira.

Euskaraldiak norbera ispiluaren aurrean jarri du, nork bere eragiteko gaitasunean sinetsi dezan. Euskararen biziberritzea ez baitago soilik ohitura, estrategia eta ekimenen baitan. Jarrera da gakoa. Hamaika egunez, pin-a janzteagatik edozein arropa zulatzeko prest egotetik harago, goizero-goizero begiratu diogu ispiluari, egunetik egunera tenteago, irribarretsuago; kokotsa altxatu eta gogotsu irten gara kalera. Eta kalean, ikusi ditugu konplizitatezko keinuak, espero gabeko euskaltzaleak, euskarazko ahots berriak eta elkarren artean zerbait handia partekatzearen harrotasuna.

Etxeko ispiluan ez ezik, gizartearen mirailean ere hauteman dugu ariketa kolektibo honen efektua. Zuhaitzaren pean lau intxaur espero genituen, eta, gerturatu garenean, hamalau topatu ditugu. Euskaraldiaren onurak ezingo dira datu eta ehunekoetan soilik neurtu, ezinezkoa delako ekimenaren balio soziala zenbakietara eramatea. Aldiz, azken aldian jaso izan ditugun datu «kezkagarri», eta hausnarketa ezkorrei astindu eder bat emateko balio izan du. Herritarren ahalduntzea, konfiantza eta konpromisoa izan ditu akuilu biraketa horrek.

Urteetan egindako lanaren fruitu gozo eta zaporetsua jaso du Euskalgintzak, erakundeekin eta hamaika eragilerekin elkarlanean sustatutako ekimen honekin. Eredu berri bat sortu da eta aurrerantzean ere bide horrek segida izan dezan, aktibo izan diren 220.000 herritar baino gehiagok eta hamaika eragile sustatzailek erakutsi dute beraien konpromiso irmoa.

Euskaraldiaren egunik garrantzitsuena hamabigarrena izango zela entzun genuen Amets Arzallusen ahotik. Hamabosgarrena da gaur.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!