«Senide eta presoentzat beharrezkoa da jendea ondoan sentitzea»

Iñigo Terradillos / Iker Larrañaga 2018ko abe. 6a, 08:00

Manu Azkarate tolosarra azaroan utzi zuten aske. Espetxeetako egoera oso krudela dela dio, eta eman diren pausoak ez direla nahikoa uste du, «aldarrikapenak jarraitzen du».

Tolosako Manu Azkaratek albo-ondorio larriak eragiten dizkion gaixotasuna du. Preso ohia da jada, baina ez dute gaixotasunarengatik askatu. Preso ohiaren defentsak Espainiako Auzitegi Gorenak 1995eko Zigor Kodea aintzat hartzeko eskatu zuen, eta ondorioz, gehienez ere, 20 urteko zigorra jarri behar zitzaiola eta gorenak onartu egin du.

Azaroaren 8an utzi zintuzten aske, zer moduz?
Manu Azkarate. Ondo, momentu honetan paperak berritzen eta gaurkotzen. Errealitatera egokitu nahian.


Presoaren zama handia da, baina baita senide eta lagunena ere. Zer moduz Maitane?
Maitane Balerdi. Askoz hobeto. Maite duzun pertsona bat kartzelan egoteak bi karga ditu: zuri suposatzen dizuna, hau da, haren egunerokotasuneko beharrak, deiak, paketeak, bisitak eta abar asetzeko eman behar duzuna; eta bestetik, zuk maite duzun pertsona horrek, kasu honetan, gaixo dagoen pertsona batek, behar duen arreta ez duela jakiteak sortzen dizun ezinegona eraman beharra.

Larriki gaixo dauden presoen egoera salatzeko hamaika ekitaldi egin dira. Egoeraren berri emateko senideen lana ezinbestekoa izan da.
M. B. Egoera hori bizitzen urteak joan dira eta hainbat egoera pasa ditugu. Herri desberdinetan izan gara eta jendearen babesa sentitu dugu, nahiz eta jasotako babesa ez den nahikoa izaten.

Herritarren babesa jaso duzue, baina jaso al duzue alderdiena?
M. A. Eman beharreko guztiek eman dute, neurri batean edo bestean. Batzuengatik ez dugu ezer espero, eta ondorioz, ez digu frustraziorik sortu. Badakigu herri honetako gaur egungo errealitatea nolakoa den eta bakoitza noraino iristen den.
M. B. Nire ustez gure presoen inguruan ez da behar bezalako indarrik, lanik eta babesik sumatzen.

Zertan da zure gaixotasuna? Arreta egokia duzu orain, hobera egin al duzu?
M. A. Aspalditik datorren gaixotasuna da, gaixotasun arrunta den arren, albo-kalteak sorrarazten ditu eta medikazioa hartu behar dut. Gaixotasuna bera momentu honetan nahiko kontrolatuta dago. Denborarekin sortzen diren arazoak hainbat egoeretan okertzen dira... eta espetxean egonda, zerbitzu mediku kaskarrarekin... beldur horrekin zaude. Gauez edota asteburuan zerbait gertatuz gero medikua ez da beti espetxean egoten. Ez da kasualitatea Alkala-Meko espetxean dagoen hildakoen tasa. Espetxeko txarrena da paretetatik harago ez direla gauzak ateratzen, isiltasuna da nagusi, jendea, bestela, eskandalizatu egingo litzake. Alkala-Mekon bi hilabeteko epean bi pertsona hil ziren medikuen utzikeriagatik. Hildakoen tasa eskandalagarria da eta espetxeak datu horiek ezkutatzen ditu. Zure gaixotasunean jarri dugu azpimarra, baina ez zaituzte horregatik libre utzi, zure defentsak 1995eko Zigor Kodea kontuan hartzea eskatu zuelako baizik.
M. A. Berez gaixotasunagatik askatu behar ninduten, eta ni bezala beste preso asko... Baina azkenean arrazoia beste bat izan da. Auzitegi Gorenak arrazoia eman dit eta onartu du beste kode penala zegokidala niri. Espetxean lauzpabost urte gehiago egin ditut eta nork itzuliko dizkit urte horiek?
M. B. Europako beste tokitan eskandalagarria izan litekeena, Espainian normaltasun osoz hartzen da.

Nola ikusten dituzue sakabanaketa arintzeko ematen ari diren azken mugimenduak?
M. A. Jendea hurbildu dute bai, baina ez Euskal Herrira. Bakar batzuk eman dira, gainera. Emandako pauso urriek ez dute borondate politiko handirik erakusten. Ez dago motiborik pozik egoteko, aldarrikapenak jarraitzen du.

Borondate politikoa behar dela, alegia.

M. A. Argi eta garbi. Espainiako eskuineko alderdi politikoek edozein gauza aprobetxatzen dute botoa eskuratzeko.
M. B. Nik alderdiei gai honen inguruan elkartzeko eskatzen diet. Eta ez da nire eskakizun soila; zuzenbideak zuzena behar du izan. Ezin dugu ahaztu hemen hainbat eta hainbat ekintza gertatu direla, zigorgabetasun osoz, eta inongo kartzela zigorrik izan ez dutenak. Hemengoei esan nahi nieke benetan badaudela tresnak eta arrazoiak irmoki lan egiteko.

Herritarrei zein mezu zabalduko zeniekete?
M. A. Espetxeetako egoera oso krudela dela esango nieke eta inoiz baino arrazoi gehiago daudela mobilizatzeko. Geratzen zaigun bide bakarra borroka dela ere esango nieke eta horrekin jarraitu beharko dugula. Ezin gara konformatu dagoenarekin. Euskal Herrian beste gai batzuetan jartzen den gogo bera giza eskubideen aldeko aldarrietan jartzea nahiko nuke eta horrek edozein gobernu duinduko luke.
M. B. Nik esango nieke gaur egun, gauza asko daudela borrokatu eta hobetzeko. Konponbiderako borroka honetan ezin dugu amore eman. Senide eta presoentzat beharrezkoa da jendea aldamenean sentitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!