Hobekuntzak Zuloaga auzorako

Tolosaldeko Ataria 2018ko abe. 5a, 08:43

Zuloaga auzoko eremu publikoko barandak birgaitu, bankuak ordezkatu eta igogailu publikoan estalki bat jarriko ditu udalak. Lanek 41.635 euroko aurrekontua dute, BEZ barne.

Zuloaga auzoa 1960 hamarkadan eraikitako auzoa da, eta badu berezitasun bat: alde handiak daude espaloien eta patioen artean, 2,6 eta 4,8 metro artekoak. Gainera, etxebizitzetara pasarela bidez sartzen da. Desnibelak dauden tokietan babesteko barandak daude urbanizazio guztian, bi motatakoak, baina egoera txarrean daudela ikusirik –oxidatuta edo pitzatuta daude–, guztiak berrituko ditu udalak.

Altzairuzko barandak jarriko dituzte, hiru motatakoak: babesteko funtzioa dutenak; eskailera eta arrapaletan kokaturiko barandak, kasu hauetan, babesteaz gain, irisgarritasuna hobetzeko eskudel bikoitza kokatuko da; eta azkenik, eskudel soila duten barandak, eskaileretako irisgarritasuna hobetzeko asmoz. Hasi dituzte lanak eta bi hilabeteko epean amaitzea aurreikusi du.

Horrez gain, zaharkituta geratu diren bankuak aldatuko dituzte. Igogailu publikoaren kasuan, beheko itxaron gunean ez dago euriaz babesteko lekurik, hori dela eta, estalpe arin bat jartzea adostu dute. 1,5 x 2 metroko estalkia izango da, beirazkoa edo antzerako ezaugarriak dituen material batekoa, gardena, gogorra eta iraunkorra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!