Udate arreta zerbitzua eraberritzeko lehen pausoa eman du udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko abe. 5a, 14:27
Argazkia: Tolosako Udala

Herritarren arreta zerbitzua indartu nahi dute, baliabide pertsonal nahiz teknologiko gehiago jarriz; tramite ohikoenak egiteko makinak ezarriko dituzte, 24 orduz

Udate herritarrentzako arreta zerbitzua garai berrietara egokituko du Tolosako Udalak, horretarako giza baliabideak eta baliabide teknologikoak ezarriz. Asteearteko osoko bilkuran hasierako onarpena eman zioten ordenantzari, eta gero sailez sail joango dira, Udate eta udal departamenduen beharrak uztartzeko lanetan. 
Olatz Peon alkateak eraberritzearen aurrekaritzat jo zuen, udalak ekipamendu sozio-kulturalak aztertzeko abiarazitako egitasmoa eta, nabarmendu zuen, herritarrek behar handiagoak dituztela gaur egun: «Herritarren arreta zerbitzua zabaldu eta indartuko du udalak, herritarrei udalarekiko sarbidea eta komunikazioa errazteko». 
Bide horretan, Udate berrituak zerbitzu «dinamikoa eta integrala» izatea onartu du udalbatzak, eta gehien eskatzen diren tramiteak automatikoki eskuratzeko aukera eskainiko du. Izan ere, hasierako onarpen honen ondoren, Udate zerbitzu integral bilakatzeko zenbait pauso emango ditu Tolosako Udalak. Mahai gehiago ezartzeko giza baliabide handiagoak beharko dituzte, eta enplegu planaren bitartez egingo dituzte kontratazioak. Halaber, baliabide teknologiko berriak eskatuko dizkio, udalari, herritarrenganako arreta gaur egungo beharretara egokitzeak: hainbat makina ezarriko dituzte, tramite ohikoenak automatikoki egin ahal izateko, 24 orduz.  
 

Euskara, lehena

Euskaraen Erabilera Normalizatzeko VI. plangintza ere aho batez onartu zuen udalak, osoko bilkuran. Finean, udal barneko lehen hizkuntza beti euskara izatea da planaren jomuga nagusia, eta Uemak eta Euskara saileko langileek lanketa berezia egin dute, udal langileekin. 
Horrela, seigarren euskara plangintzak hainbat ardatz izango ditu, eta lehentasuna emango diote, besteak beste, lehen zerbitzu hizkuntza euskara izateari; langileen sortze hizkuntza euskara izateari; herritarrekiko harremana euskaraz izateari, herritarrak espresuki gazteleraz hitz egin nahi duela esaten ez duen bitartean; eta kanpo erakundeekiko harremanak euskaraz izateari, betiere, lurralde horietan euskara ofiziala denean.
Plana onartzearen harira, Inaki Irazabalbeitia EH Bilduko zinegotziak azpimarratu nahi izan zuen, Tolosako udalbatzak «aurrerapauso handia» eman duela azken bi urteotan, udalbatzako kide guztiak euskaldunak direla azpimarratuz: «Hauteskundeei begira, beraz, alderdiei konpromisoa eskatuko nieke hautagaiak izendatzerako garaian, plan hau bete ahal izateko». 
Euskararen esparrutik irten gabe, bestalde, aipatzekoa da udalak euskararen Bikain ziurtagiria eskuratu berri duela. 
 

Banda, egonkortuta

Tolosako Musika Bandak udalarekin duen harremanak ere bestelako izaera hartuko du aurrerantzean, udalbatzak aho batez onartu duen neurriarekin. 
Gaur egunera bitarte, bandak urtean barrena betetzen duen jardunak diru-laguntza bidez finantzatzen zituen udalak. Legedia aldatu denez, ordea, udalak harreman hori egokitu behar izan du. Olatz Peon alkateak azaldu zuen, gainera, orain arteko hitzarmenak ez dituela betetzen bandak eskaintzen dituen zerbitzuak. Horrela, beraz, Tolosako Musika Bandaren zerbitzua berariazko jarduera gisa bere gain hartuko du udalak. 
Musikari begira, udalbatzak beste bi erabaki hartu zituen plenoan. Batetik, lan poltsa osatu eta ordezkapenak betetzeko tramiteak sistenatizatuago izateko, Eduardo Mokoroa musika eskolak hitzarmena sinatu du, Donostiako Musika eta Dantza eskolarekin; aurrerago, beste zenbait herritako musika eskolekin ere gauza bera egitea aurreikusi dute. 
Bestetik, musika eskolako zuzendariari eta idazkariari dedikazio ordu gehiago txertatu dizkiete, funtzioak zaharkituta daudelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!