Alde Zaharreko eta Berazubi auzoko argiteria aldatuko du udalak

Ataria 2018ko abenduaren 4a

Nafarroa Etorbideko berrikuntzak inauguratu zituzteneko irudia

LED teknologiadun 130 farola jarriko ditu, Tolosako Udalak, Alde Zaharrean; Berazubin, berriz, 30 luminaria berri.

Argiteria konbentzionala, teknologia efizienteagoa duen beste batengatik aldatzeko lanean ari da Tolosako Udala. Besteak beste, Nafarroa Etorbidean, Kondeko Aldapan eta Bizkaia Kalean, egin dituzte aldaketak, LED teknologiadun farolak jarriz.

Bada, bi asteren buruan, Alde Zaharreko eta Berazubi auzoko lanparak aldatuko dituzte. Guztira, 79.995 euroko inbertsioa egingo du udalak, BEZa barne: 64.495 Alde Zaharrerako eta 15.500 Berazubirako.

Argiteriaren aldaketarekin, kontsumoa %75 murriztea aurreikusi du udalak, izan ere, egungo farola bakoitzaren potentzia 250 vatiokoa da, eta berriena 42 vatiokoa. Bestelako abantailak ere baditu LED teknologiak: ez dira erretzen, 70.000 orduko balio-bizitza dute farolek, 17 urterako argia izanik (urtero 4.000 argi ordu). Neke bisuala, itsutzeak eta argi arrotza ere ekiditen ditu.

Patxi Amantegi ingurumen zinegotziaren esanetan, «plan honek zuzenean eguneratze-teknologikoa, energia elektrikoaren kontsumoaren gutxitzea, atmosferara CO2ren igorpena gutxitzea eta mantenu-kostuen gutxitze nabarmena dakartza, hau da, efizienteagoa, jasangarriagoa, merkeagoa da eta argi kalitate hobea ditu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!