Realeko jokalari ohi ugari, Berazubin, Mikel Alonsoren agurreko neurketan

Ataria 2018ko abe. 4a, 11:07

Argazkia: Wikimedia

Mikel Alonso futbol jokalari ohiari omenaldia egingo diote larunbatean Berazubi estadioan. Berarekin batera jokatu izan duten futbolari ohiak bilduko dira bertan: Xabi Alonso, Rekarte, De Pedro edo Xabi Prieto, besteak beste.

Mikel Alonso tolosarrak 2017-2018 denboraldiaren amaieran eman zuen amaitutzat bere futbolari ibilbidea. Agur modura, larunbat honetan, hilak 8, bere taldekide izandako futbolari eta lagunen arteko neurketa bat jokatuko dute Tolosako Berazubi Estadioan (16:30).Bere ibilbide profesionalean garrantzitsuenak izan diren bi taldeak ariko dira aurrez aurre: Reala eta Antiguoko. Hala ere, beste hainbat klubetako taldekideak ere izango dira berdegunean. Realarekin, esaterako, Aitor Lopez Rekarte, Zuhaitz Gurrutxaga, Boris, Asorey, De Pedro, Gabilondo, Joseba Llorente edota Gari Uranga izango dira, besteak beste. Bere anaia Xabi Alonso ere bertan izango da.

Antigokokorekin, aldiz, duela 20 urte jubenil mailako Errege Kopako finala jokatzeko zorian izan ziren taldekideak bildu nahi izan dituzte: Ignacio Azpilikueta, Gaizka Saizar, Jon Altuna, Iban Fagoaga, David Asensio, Gorka Larrea, Beñat San Jose, David Asensio, Oier Larrainzar, Mikel Txoperena... Entrenatzaile lanetan, berriz, Alonso anaien lehen prestatzaile izan ziren Oscar Landa, Iñigo Santin eta Txurun Furundarena izango dira. Bolton taldean elkar ezagutu zuten Daniel Braaten jokalaria ere etorriko da Norvegiatik. Alonso anaiek lehen zatia Realarekin jokatuko dute, eta Antiguokokorekin bigarrena.

Agurreko neurketa Berazubin izateak ere badu bere berezitasuna: batetik, Alonso anaiek bertan eman zituztelako lehen urratsak futbolean. Bestalde, Periko Alonso aitak ere bertan hartu zuen erretiroa, 80ko hamarkadan. Hain zuzen, Periko bera izango da Realeko taldearen entrenatzaile lanetan ariko dena. Epaile lanak, berriz, hirugarren anaiak, Jonek, egingo ditu. Sarrera doakoa izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!