74 parte hartzaile IV. Indoor Sarian

Asier Imaz 2018ko aza. 29a, 12:00

Irristakak antolatu duen txapelketa igandean jokatuko da Usabal kiroldegian, 10:00etatik aurrera.

IV. Irristaka Indoor Saria aurkeztu dute. Igande honetan jokatuko da txapelketa, eta Irristakako kideen esanetan, 74 parte hartzaile izango dira bertan: «Sendotzen ari den proba da. Urtetik urtera maila altuagoa ikusten da, eta horrek ikuskizuna handitzen du. Besteak beste, aurten, Aitor Vacas Behobiako txapelduna Usabalen izango da. San Juaneko irristalariak ere etorriko dira, Espainiako elkarteen arteko liga irabazi dute horiek. Nazio artean esperientzia duten irristalariak ere izango ditugu».


Irristakakoen esanetan «kirol hau nahiko parekidea da», eta horren adierazle igandeko zerrenda aipatu dute: 31 neska eta 42 mutil ariko dira lehian Usabalen. Gaztetxoetan neskak 18 izango dira; mutilak, 15. «Irristakan harrobia lantzen ari gara, eta gogotsu gaude gazte horien maila nolakoa den ikusteko, beste gazteekin neurtuz», azaldu dute probaren antolatzaileek.  


Indoor Saria 10:00etan hasiko da Usabalen. Kanporaketak lauren artean jokatuko dira, eta horietatik bik aurrera egingo dute. Horrela finalera iritsi arte ibiliko dira.


Eskertzak
Igandeko probaren aurkezpenean, Irristakakoek babesle eta laguntzaileak izan zituzten gogoan: Tolosako Udala, Isastegi Sagardotegia, Meitai Maitie, Insalus, Bide Goxo, Ipar Roller, Manitek, Paulino Sorarrain, Eroski eta Kirolzer.


Ekitaldi horretan Tolosako Udal ordezkariak ere izan ziren: Patxi Amantegi eta Cristian Fernandez. Hauek, Irristaka Taldekoen lana goraipatzeaz gain, igandean herritarrak Usabalgo harmailak betetzera gonbidatu zituzten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!