­Sari potoloekin dator Oargiko boulder lehia

Asier Imaz 2018ko aza. 29a, 12:00

IX. Boulder Txapelketa larunbatean izango da, Oargi Elkartean; izena egunean bertan eman beharko da.

Oargiko Tximuek IX. Boulder Txapelketa antolatu dute larunbaterako. Goizean 16 urtez azpikoak ariko dira lehian; arratsaldean, helduak. Izen ematea 10:00etan zabalduko dute. Gaztetxoen txanda izango da. Lehia 10:30ean hasiko zaie. Zortzi bloke izango dituzte aurretik, eta finalera sailkatzen direnek, beste laurekin saiatu beharko dute. Errazetik zailera diseinatutako bideak izango dira Ilazki Pozaren esanetan. Azken urteetan berak osatu ditu blokeak, eta oraingoan ere Pozari tokatu zaio lan hori. Horretarako tximu gehiagoren laguntza duen arren. Oargiko kidearen esanetan, aurrena helduen blokeak diseinatzen ditu; «ondoren, pieza batzuk gehitzen dizkiet gaztetxoentzat».  

16 urtetik gorakoentzat izen ematea 15:30ean jarri dute. Txapelketa 16:30ean hasiko da. Hauek ere aurrena zortzi bloke egin beharko dituzte. Finalean lau izango dituzte. Bi aurreko horietatik egokitutakoak eta beste bi ordura arte ikusi gabeak.

Oargiko Boulder Txapelketa mistoa da, eta sariak lehen hiruren artean banatuko dituzte. «Ez dut esango nork esan zidan, baina sari potoloenak dituen txapelketa omen da Oargikoa, beti ere maila honetan», dio Ilazki Pozak tolosarrak.

Parte hartzea
Iaz 50 gaztetxo eta 40 heldutik gora aritu ziren lehian Oargin. Aurten ere antzeko zenbakietan egotea espero dute. Eskalatzaileez gain, ikusleak ere Oargin nahi dituzte antolatzaileek. Horretarako luntxa, pintxoak eta salda, eta barra zerbitzua egongo dira larunbatean. Egun pasa egiteko aukera polita eta dibertigarria dela diote Oargikoek, eta Gipuzkoa osotik etorriko diren lehiakideak ikustera gonbidatu dituzte herritarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!