Tolosako ikastetxeek bat egin dute indarkeria matxistaren aurka

Tolosaldeko Ataria 2018ko azaroaren 28a

Azaroaren 25eko aldarrietara batu dira Herrikide, Laskorain, Samaniego-Orixe, Inmakulada, Tolosaldea LHI eta HHI-EPA ikastetxeak; Jarrera matxistak des(ikasi), berdintasunean ikasteko leloa baliatu dute.

Joan den igandean izan zen Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna eta, aurrez iragarritakoa betez, hurrengo egunean, astelehenarekin, Tolosako ikastetxeek bat egin zuten, matxismoaren aurkako aldarriak plazaratzeko. Horrela, bada, Herrikide, Laskorain, Samaniego-Orixe, Inmakulada, Tolosaldea LHI eta HHI-EPA ikastetxeek kalejira osatu zuten, Zerkausiraino, eta bertan irakurri zuten adierazpen adostua.

Jarrera matxistak des(ikasi), berdintasunean ikasteko leloa izan zuten abiapuntu eta, besteak beste, emakumeak "uneoro" zapalduta daudela gaitzetsi zuten: "Ezin dugu beste aldera begiratu, hementxe bertan, zortzi orduz behin emakume bat bortxatzen dutela jakinda (...). Nazkatuta gaude gizonen itzalpean bizitzeaz, beldurrez bizitzea (...). Ez dago gure ahotsa isilduko duenik. Gora borroka feminista!".

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!