Tolosako udal azpiegituren azterketako lehen zatia plazaratu dute

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko aza. 27a, 07:59

Hiritik At enpresak udal eraikinen egoera eta etorkizuneko beharrak bildu ditu lehen proposamenean; orain, herritar eta teknikarien ekarpenak jaso, eta udalbatza osoaren adostasunarekin sortuko dute behin betiko ekintza plana.

Tolosako jarduera soziokulturalari erantzun bat emateko beharrari heldu, eta udal azpiegitura eta eraikinen azterketa bat abiarazi zuen, udalak, duela zenbait hilabete, helburu bakarrarekin: datozen 10 urteotan azpiegitura horiek modu efizientean erabiltzeko inbertsioak egitea. Horrela, lehen faseak emandako fruituak plazaratu ditu Olatz Peon Tolosako alkateak.

Ezer baino lehen, alkateak argi utzi du, iragarritako proiektu horiek guztiak azterketa garatu duen enpresaren proposamenak baino ez direla, oraingoz. Modu horretan, Hiritik At enpresak herriko 18 gune eta 33 zerbitzu aztertu ditu, «espazio horiek optimizatzeko eta haien erabilera hobetzeko». Lan horrekin osatu dute lehen fasea, eta bi dira osagai nagusiak: batetik, Tolosak gaur egun dituen ekipamendu soziokulturalen katalogoa osatu dute eta, bestetik, eskaini beharreko zerbitzuentzat eraikin horien erabilera ahalik eta optimoena izateko moduak bilatu nahi izan dituzte.

Horrela, honakoak dira proposamenetako zenbait: liburutegia Gorosabel eraikinera eramatea; kultur etxea arintzea, eta bertako zenbait zerbitzu Abastos eraikinera mugitzea; eta Ferialekuaren kanpoaldean karpa desmuntagarri bat ezartzea, erabilera anitzeko lekua izan dadin, nagusiki, kirolei begira.

ADOSTASUNA ETA PROIEKTU SENDOAK

Epe luzera begirako inbertsioak eskatuko ditu, azterketaren emaitzak. Horregatik, hain justu, Tolosako Udalak garrantzi berezia eman nahi izan dio, udalbatzako alderdi guztien adostasuna bilatu, eta onartutako inbertsioak datozen 10 urteetan gauzatzeari.

Hiritik At enpresak garatutako proiektu proposamenen ondoren, beraz, hurrengo pausoa izango da, Tolosatzen parte hartze prozesuko herritarren ekarpenak jasotzea, eta udal teknikarien aditu ikuspegia biltzea.

Behin hiru adar horiek uztartutakoan, udalbatzako kideen negoziazioari ekingo diote, eta guztiek aho batez onartu beharko dute, Tolosako azpiegitura soziokulturalak eraldatzeko proiektua. Gero, «udalbatzak, urtero-urtero, ekintza plan bat adostuko du», aurrekontua osatu ahal izateko. Bide horretan, Olatz Peonek azpimarratu du, egitasmo horren «lidergoa korporazio osoak» eramango duela: «Proiektu honek aldaketa handia ekarriko du, eta datozen urteetan inbertsio handiak egin beharko ditu udalak. Horregatik, oraingo eta ondorengo udalbatzei konpromisoa eskatuko die».

MARTXAN JARRI BEHARREKOAK

Agerraldian azaldutakoaren arabera, Tolosako udalbatzako kide guztiak buru-belarri ari dira, honezkero, ekipamenduen gaia jorratzen; urte berrirako adostasuna iragartzeko asmoa du udalak.

Dena den, «bizitzak aurrera jarraitzen du», eta badira 2019ko aurrekontuan derrigor txertatu beharreko proiektuak, eskatzen duten premiagatik. Horrela, Tolosaldeko Emakumeen Etxeak eta Udate zerbitzuaren zabaltzeak diru poltsa bana izango dute aurrekontu berrian.

Emakumeen etxeari dagokionez, Olatz Peonek dio ezin dela egitasmo hori «gehiago atzeratzen utzi» eta, «emakumeekin eta ordezkariekin kokapena adostutakoan», martxan jarriko direla, proiektua mamitzeko.

Udateri dagokionez, berriz, Tolosako Udalak herritarrentzako harrera zerbitzua garai berrietara egokitu nahi du. Horretarako, mahai gehiago jarriko dituzte, batetik, eta zenbait tramite errolda agiriak, esaterako automatikoki egiteko makinak ezarriko dituzte; horietako bat martxan izango da, gainera, 24 orduz.


 AZTERKETA

18 ekipamendu

Kultur etxea, Gorosabel Zaharra, zezen plaza, Ferialekua, Aranburu jauregia, Errota, Emakumeon plazako lokalak (garai bateko Korazonistak), Abastos eraikina, Sevendenea eraikina, Arkauteko txaleta, Zuloaga Txiki, Nafarroa etorbideko lokala, Unipapel edo Bonberenea ingurua, Erretengibeleko lokala, Korreo kaleko lokala, Emeterio Arreseko lokala, Leidor aretoko solairuartea eta Elkano kaleko lokala.

33 zerbitzu

Musika eskola, KZgunea, familia elkargunea, liburutegia, erakusketa gela, erraldoi eta buruhandien biltegia, Toloboleiren gunea, gimnastika erritmikoa, erabilera askotako gunea, skate-parkeko gunea, udal lan taldeen biltegia, kale-garbiketakoen gunea, ibilgailuen gordailua, tokiko komunikabideen lokalak, elkarteena, sortze-industriarako espazioa, udal bulegoak, erabilera askotako aretoa, tailerrak, bilera-gelak, artxiboa, Tolomendi, Tolargi eta Tolosagasaren egoitzak, Erretengibeleko bulegoa, parte hartzeko gunea, Aitzol Udal Euskaltegia, Emakumeen Etxea, gazte topagunea, herritarrak artatzeko zerbitzua, musika taldeen entseguetarako lokalak eta Tolosako ingurumen zentroa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!