Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2018

Diskurtsoak politika feministaz betetzeko deia

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko azaroaren 24a

Tolosaldeko Asanblada Feministak deituta, mobilizazio jendetsu batek hartu ditu, eguerdian, Tolosako erdiguneko kaleak: (In)justiziaren gainetik, saretze feminista! oihukatu dute. 

Nazkatuta, haserre. Hala azaldu dute beren burua, Tolosaldeko Asanblada Feministako kideek. Beste azaroaren 25 bat, eta beste mobilizazio bat, indarkeria matxista eta haren azaleratzeko modu guztiak salatuz. Eta, aurten, aurreko urteetako guztiarekin batera, justizia patriarkala salatu nahi izan dute, berau mobilizazioetako aldarrien erdigunean jarriz. 

Tolosaldeko asalnbladak Euskal Herriko mugimendu feministarekin bat egin du bide horretan, eta azken hilabeteotan justiziaren inguruan pizturiko ezinegonak plazaratu dituzte. Dena den, asanblda feministako kideek argi utzi dute, haserrea ez dela zigorrei begirakoa: "Guk ez dugu espetxe zigor handiagorik eskatzen, ez baititugu kartzelak maite. Guk, politika feministak nahi ditugu, emakumeok hitza kontuan hartzen dutenak, eta gizartea hezkuntzatik aldatzeko asmo eta helburua dutenak". 

Horrela, beraz, ibilbidea amaitu eta gero ikasle feministek irakurritako adierazpenean, kontuan izan dituzte zapalkuntza bikoitza nahiz hirukoitza jasaten duten emakumeak ere: emakume migratzaileak, arrazializatuak eta adinekoak. 

Guztiek eta guztientzat, irmo azaldu dute: "Ez dugu diskurtso hutsalik eta gezurrezko posizionamendurik onartuko. Baliabide gehiago nahi ditugu sistema heteropatriarkal honen aurka, eta minutuko isilune gutxiago". 

Iluntzean, Irantzu Varela kazetariaren bakarrizketa izango da, 20:00etan, kultur etxean. Eta, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Tolosaldeko Asanblada Feministak bihar Donostian antolaturiko mobilizaziora deitu ditu, eskualdeko herritarrak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!