Kirol egokitua egiteko aukera, haur eta helduentzat, Usabalen

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko aza. 22a, 09:06

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak ikasturte honetan ekin dio eskola kirol egokitua Tolosan lantzeari; helduek ere entrenamendu funtzionalak egiteko aukera izango dute

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak haur, gazte nahiz helduentzako eskaintza martxan jarri du, Tolosako Usabal kiroldegian, ikasturte honetan. Momentuz sei haur ari dira eskola kirola lantzen, bi taldetan, baina patologiak nahiz urritasun fisikoak dituzten helduentzako entrenamendu funtzionalak ere eskuragarri daude.

Denbora da helduei begirako eskaintza hori Usabalen abiarazteko helburuaren atzetik hasi zirela, izan ere, konturatu ziren, patologiak edo urritasun fisikoak dituzten heldu asko, ospitaletik irten eta errehabilitazioan geratzen direla: «Pertsona horiek jarduera fisikoa egiten jarraitzea garrantzitsua da», dio Jurgi Olasagasti Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko teknikariak.

Helduen saioak ez dira oraindik hasi, baina astean bi saio saio bat uretan eta bestea aretoan egiteko aukera eskuragarri dago, jada, Usabalen.

2003. urtean sortu zuten Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa (GKEF) eta, orduz geroztik, gipuzkoar guztiei kirol egokitua egiteko aukerak zabaltzea izan dute jomugan. Jurgi Olasagasti kirol teknikariak dio, urritasun egoeran dauden pertsonei eta ez daudenei onura berberak eragin diezazkiela kirolak. Ordea, sarri, urritasun egoeran egoteak inguru soziala murriztea dakarrela dio: «Besteak beste inguru soziala izateko aukera eskaintzen du kirolak, baina, askotan, batez ere, adimen urritasuna dutenek, eskolatik irten eta ez dute inorekin egoteko aukerarik izaten».

Hain justu behar horri erantzun bat emateko moduetako bat da, kirol egokitua; hutsune hori betetzekoa. Izan ere, nahiz eta eskola kirola 6 eta 21 urte bitarteko haur eta gazteei begirako kirol eskaintza izan, GKEFren ustez zenbait gabezia ditu, esaterako, «eskola kirolen eredua, saioak aurrera eramateko modua, beharrei erantzuteko baliabide eskasak eta urritasunekiko ezagutza falta».

Jurgi Olasagastik nabarmendu duenez, «uste baino zabalduago» dago, urritasuna duten pertsonek kirola egiteko ezintasuna dutela: «Beharbada, ezindu hitza gehiegitan erabiltzen dugulako ere izan daiteke hori».

Bide horretan, terminologiari ere arreta berezia jarri beharraz ohartarazi du teknikariak. Batetik, dio aniztasun funtzionala terminoa ez dela erabat zuzena: «Urritasuna da, egitura edo funtzio anatomiko, fisiologiko edo psikologikoetan galera edo kalteren bat izatea. Askotan ez dugu jakiten nola esan. Orain, aniztasun funtzionala dago denon ahotan, baina, egiazki, aniztasun funtzionala pertsona guztion ezaugarri bat da; urritasuna duten pertsonek behar zehatzak dituzte, eta oso garrantzitsua da zertaz hitz egiten dugun jakitea, zein esku hartze mota egin behar dugun jakiteko».

Arrazoi berari helduta, inklusioari ere zorrotz begiratzen dio GKEFak: «Badirudi hitz hori erabilita egoerak aldatzen direla, politagoa dela eta egokitua baino hobea dela, baina pertsonen beharrak dira garrantzitsuenak». Horrela, beraz, Jurgi Olasagastiren iritziz «hitz potoloa» da inklusioa, eta filosofia oso bat izendatzen duela uste du: «Espazio bat partekatzea baino harago doa, eta pertsonok dugun jarrera bat da: aniztasuna gure ezaugarri bat dela ulertzen duena». Horrenbestez, helmuga garbia da, GKEFrentzat: «Benetako inklusioa gertatuko da, taldea osatzen duten guztiak taldekide sentitzen diren momentuan».

IDENTIFIKAZIOA, GORA

Zenbakiei begira, gero eta gehiago dira urritasun egoeran dauden haurrak, baina, beharbada, gizartean urritasuna duten pertsonekiko jarrera aldatzeak ere eragin du datu horien aldaketa. GKEFan bertan, ikasturtez ikasturte, kirolari gehiagorekin aritzen dira lanean: «Baina diagnosi gehiago egiten dira orain, duela 10 urte baino. Haurtzaroan identifikatu ohi dira urritasun gehiena, eta medikuntzako nahiz hezkuntzako profesionalen egiturak ere aldatzen ari dira, pixkana, behar horiei begira».

Hori hala izanagatik, «gizartea oraindik ez dago prest» urritasunari aurre egiteko. Olasagastik dio desinformazio handia dagoela, oro har: «Nola tratatu, nola moldatu komunikatzeko, zer landu,... Ezjakintasun horiek erakusten dute, ustez normalak diren horiengan ere badagoela gaitasun falta bat. Bide luzea egin beharra dago, oraindik».

Ikerketa bidelagun ezinbestekotzat jo du teknikariak, eta baita erakundeen «benetako babesa» ere: «Gauza bat garrantzitsua dela sinesten dutenean, horretarako baliabideak jartzen dituzte, edo elkarlanerako asmoa erakusten dute. Baina, gizartean ezagutza falta handia denez, zenbaitetan, itxura polita bakarrik ematen da».

Horrenbestez, Tolosako Usabal kiroldegian eskola kirol egokituko programan nahiz helduen kirol egokituko saioetan parte hartzeko, nahikoa izango da federaziora deitzea (943 46 25 14) edo helbide elektronikora idaztea (info@gkef-fgda.org).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!