Titirijai 2018

Larunbatean esnatuko da «txotxongiloen hiria», Titirijairekin

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko aza. 21a, 16:41

36. Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia izango da aurtengoa eta, heldu nahiz haurrentzako, 37 ikuskizun izango dira.

«Mirari txiki bat da Topic». Hala baieztatu du, Onintza Urbieta Kutxa Kultur-eko ordezkariak, 36. Titirijai aurkezteko txotxongiloen nazioarteko zentroan egindako agerraldian. Larunbatean hasi, eta datorren abenduaren 2ra bitarte mota guztietako txotxongiloek hartuko dute Tolosa, eta horri heldu nahi izan dio Olatz Peon Tolosako alkateak ere: «Tolosa, txotxongiloen hiri ere bada».

Charleville-Mezieres hiri frantziarrarekin sinatu berri duten senidetzea hizpide izan du Peonek, gogora ekarriz, hitzarmena Titirijain sortu zela, eta «beste zenbait esparru lantzeko bidea» izango dela.

36. Titirijai izango da aurtengoa eta, urteotan guztiotan, guztira, 220 konpainia pasatu dira Tolosako oholtza eta plazetatik. Aurten, 37 ikuskizun eskainiko ditu Titirijaik, haur, gaztetxo nahiz helduentzat eta, betiko moduan, inguruko zenbait herritara ere zabalduko du egitarauaren zatitxo bat: Ordizia, Eibar, Pasaia, Donostiako Kutxa kultur espazioa eta Sestaorekin batera, estreinakoz, Orio batu da Titirijaiko zirkuitura.

Amets egiteko adinik ez

Tolosako Ekinbide Etxeak iaz indartu nahi izan zuen, helduentzako txotxongilo eskaintza. Idoia Otegi Titirijaiko zuzendariak azpimarratu du, «apustu zaila» dela helduentzako ikuskizunena, nahiz eta, Tolosan, arrakasta handia izan; aurten, 5 saio ikusgai izango dira, eta solasaldiak egingo dituzte gero.
Ikastetxeentzako saioek ohiko tartea izango dute egitarauan eta, denera, 600 ikasle inguru bertaratuko dira Tolosara, Gipuzkoako 33 ikastetxetatik.
Eta, gainerakoan, haurrek Topic eta Leidor aretoekin batera, kalea izango dute txotxongiloez gozatzeko. Egitarau osoa ikusgai www.ataria.eus-en.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!