Kultur astea ikasturte osora, Samaniegon eta Orixen

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko azaroaren 21a

Datorren astelehenean, Jesus C. Guillen astrofisikari eta ikertzaileak hitzaldia eskainiko du, kultur etxean, neurohezkuntzari buruz

Orain arte urtarrileko aste bat hautatzen zuten, hezkuntzari eta kulturari loturiko hitzorduak antolatu eta herritarrei zabaltzeko. Aurten, ordea, Samaniego eta Orixe ikastetxeetako kultur egitasmoa astetan zabaltzea erabaki dute, eta iragarri dituzte zenbait hitzordu.

Bi ikastetxeetako zuzendariak, Gorosti eta Asmoberri guraso elkarteetako ordezkariak eta Patxi Amantegi Tolosako Udaleko ordezkaria izan dira aurkezpenean, eta datorren asteleheneko hitzorduari jarri diote fokua.

Izan ere, Jesus C. Guillen astrofisikari eta ikertzaileak hitzaldia eskainiko du, astelehenean, Tolosako kultur etxean. Garuna eta bihotza oinarri dituen hezkuntza izenburupean, 17:30ean hasiko da, eta herritar guztiek izango dute bertaratzeko aukera; haurtzaindegi zerbitzua ere izango da.

Iragarri dute, hitzordu hori eta gainerakoak ikastetxeak lantzen ari diren metodologia berrian lagungarri izatea nahi dutela. Horrela, urtarrilaren 24an jolasen garrantziari buruzko hitzaldia ere antolatu dute. Ate irekiak, berriz, urtarrilaren 19an izango dira, larunbatarekin, 11:00etatik 13:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!