Tolosa eta Charleville-Mézières, senidetuta

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 17a, 18:09

Txotxongiloen eta kulturalen arlotik sortutako harremana, orain beste arlo batzuetara bideratuko da senidetze hitzarmenarekin.

Tolosak eta Charleville-Mézières udalerri frantsesak senidetze akordioa sinatu dute gaur goizean, Babarrunaren Festa ospatzen ari dela aprobetxatuz. Topic zentroko Mariona txotxongiloa izan dute lekuko hitzarmena sinatzerakoan. Izan ere, txotxongiloen eta kulturaren eremuan sortu zen lehen harremana bi udalerrien artean. Hain justu, txotxongiloen lagun diren hirien nazioarteko erakundearen sortzaileak dira biak.

Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak azaldu duenez, senidetzea "une garrantzitsua da, beraz, hasitako bideari jarraipena emateko. Ibilian egiten delako bidea. Dagoeneko pauso batzuk emanak ditugu, bi herrien arteko adiskidetasunean, eta ziur naiz orain arteko bideak beste egoera batera eramango gaituela. Hori da gure nahia behintzat: elkarrenganako ezagutza handiago batetara, errespetua oinarri izanik, esperientzia ezberdinak trukatuz eta elkarrenganako kooperazioa landuz, hori baita modurik onena errealitate politiko ezberdinak osatzen duten herrien Europa baten eraikuntzarako".

Boris Ravignon Charleville-Mézières udalerriko alkateak Tolosan jasotako harrera eskertu du, eta senidetzea burutzea "ohore handia" dela gaineratu du. "Esan dezaket maitemindurik gaudela Tolosaz. Harrituta gaude dagoen mugimendu eta aktibitatearekin". Bide batez, Peonen ildo beretik, gogotsu azaldu da orain arteko harremanak beste eremuetara zabaltzeko asmoarekin.

Hitzarmenean zehazten denez, bi udalerriei interesatzen zaizkien proiektuak aurrera eramaten "gogor lan" egingo dute. Besteak beste, honako alor hauetan ariko dira harremanetan: kultura eta txotxongiloen artea, gastronomia, turismoa, industria 4.0, fabrikazio aditiboa eta ikastetxeen arteko harremanak. Bestalde, bi udalerriek adostu dute "ahal den neurrian herritarren parte hartzea bultzatzea hitzarmenenaren bidez egingo diren ekintzetan, eta aldi berean, benetan elkar hobeto ezagutzera eramango gaituzten ekintzak bultzatzea, horrela adiskidetasun estuagoa eta iraunkorragoa lortzeko bi udalerrion artean".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!