Joxe Mujikaren eta Manoli Urangaren babarrunarentzat lehen saria

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 17a, 16:03

Tolosako Babarrunaren ekoizleen lehiaketaren lehen saria beste behin Legorretara joan da. Bigarren saria Tolosara joan da, Edurne Ezeizarentzat, eta hirugarrena Zumaiara, Joxe Mari Aramendirentzat.

Bosgarren aldiz lortu dute sari preziatua Joxe Mujika eta Manoli Uranga senar-emazteek, eta aurreko bi urteetan bigarren izan ziren. Sariak irabaztea ohitura bihurtzen ari zaie, baina jaiotzez albizturtarra den Urangak azaldu duenez, "beste batzuei ere uzten hasi beharko dugu, beti gu ez izateko". Mujikak gaineratu du "ilusio handia" egiten diela saria lortzea, eta gogora ekarri du "lan handia" egin behar dela, "egunerokoa", babarrun ona ateratzeko.

Babarrun irabazlearen lakariaren enkantea egin dute, eta Garbiñe Alkiza Tolosako Bide Bide Hoteleko ordezkariak eraman du 1.500 euroan. Dirua Haurkizuna fundaziora bideratuko da. Sari banaketa hasi aurretik omenaldia egin diote Roberto Ruiz sukaldariari eta bere taldeari, Tolosako Babarrunaren alde egindako lana eskertzeko. Bestalde, Tolosako Babarrunaren Kofradiaren eta Bizkaiko Putxeraren Kofradiaren eskutik, Tolosako babarrunak dastatzeko aukera izan da, bai putxera erara prestatuta, bai lehiaketan parte hartu dutenak ere.

Bestalde, San Blas elkarteak antolatuta, XXVI. Odolki Lehiaketa egin da San Frantzisko pasealekuan, eta Ezkio-Itsasoko Jesus Mari Deba enpresak eraman du. Bigarren saria Ordiziako Mujika Odolkiak enpresarentzat izan da. Jesus Mari Debarentzat ez da izan lehenengo aldia saririk irabazten dutela, iaz bigarren egin baitzuten, eta aurretik ere askotan lehen saria jaso dute. Bertako ordezkaria den Aintzane Debak azaldu duenez, "saria irabazteak datorren astean lan gehiago egitea suposatuko du". Merkatuan dagoen "produktu onenak" eskuratuz egiten dutela odolkia esan du Debak, "eta hori bai, ordu pila bat pasatzen ditugu aurrera ateratzeko".

Giro ederra izan da goizean, eta eguraldiak ere lagundu du. Trianguloa plazan azoka berezia egin da, Tolosako Babarrunarekin lotura duten hainbat produktu erosteko aukera izanik. Horrez gain, Udaberri dantza taldearen eta Bentazaharreko Mutiko Alaien emanaldiak ikusi ahal izan dira. Bestalde, Tolosako Erraldoien eta Buruhandien konpartsakoak ere izan dira kaleak alaitzen.

Gor Komunitatearen XV. Sentsibilizazio Astearen azken eguna izan da gaurkoa, Babarrun Festarekin bat eginez. Azken bi urteetan bezalaxe, Gainditzen elkartearen eskutik, zeinu hizkuntzako interprete bat egon da Babarrunaren Festan, eta horrez gain, eguerdian mimo eta malabarismo-tailerra izan da haur gorrentzat. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!