Gizonezko bat atxilotu dute, Tolosan, adin txikiko bat prostituziora bultzatzeagatik

Tolosaldeko Ataria 2018ko azaroaren 16a

Atzo arratsaldean atzeman zuten 51 urteko gizonezkoa; Ertzaintzak jakinarazi duenez, sexu harremanak diru truke izatera bultzatu nahi zuen, 17 urteko adin txikiko bat.

Adin txikikoa ikastetxetik atera zenean harrapatu zuen gizonezkoak, eta proposamena egin zion: sexu harremanak izatea, diru truk. Kalean zihoazela, adin txikikoa gizonezkoagandik ihes egiten edo libratzen saiatu zen, gizonezkoak behin eta berriro errepikatzen baitzion, prostituzioan aritzeko aukera.

Horrela, adin txikikoa komun publiko batzuetan sartu zen, eta bere amari abisua pasatzea lortu zuen; hark deitu zuen Ertzaintzara. Gainera, biktimak erasotzailearen hitzak mugikorrarekin grabatzea ere lortu zuen.

Ertzaintzak gaineratu du, erasoa gertatzen ari zen gunera bertaratu ziren ertzainak gizonezkoaren jarreraren lekuko izan zirela. Erasotzailea eta biktima beren kabuz bertaratu ziren polizia etxera, egoera argitzera eta, han, bien testigantzak eta grabaketa entzun eta gero, Ertzaintzak gizonezkoa salatzea erabaki zuen, adin txikiko bat ustez prostituziora bultzatzen saiatu izanagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!