«Indarkeria matxista adineko pertsonen artean ere badagoela ikusi behar dugu»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko aza. 16a, 08:58

Egiturazko arazoa da indarkeria matxista eta, gizarteak zapalkuntza hori gero eta ozenago gaitzesten duen arren, adineko emakumeen bizipenak itzalean geratzen dira sarri. Izaskun Solagaistua gaiaren bueltan ariko da, azaroaren 26an, "emakume guztientzat"; izen-ematea zabalik da.

Azaroaren 25eko aldarrikapenen zerrendan, adineko emakumeek jasaten duten indarkeria matxista ere sartu beharra dago. Baieztapen horri tiraka hitzaldia eskainiko du, azaroaren 26an, Izaskun Solagaistua Arzak (Durango, 1979). 18:00etan hasiko da, kultur etxean, eta izen-ematea zabalik da han bertan.

Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxista ez dela ikusarazten diozu.

Indarkeria matxistari buruz hitz egiten dugunen, askotan ez da ikusarazten emakume helduek jasaten duten arazoa; beraiek ere indarkeria matxistaren biktima dira. Zergatik? Bada, adibidez, gehiago azpimarratzen delako emakume gazteek jasaten duten indarkeria matxista, eta arazo horren inguruan dauden bestelako kontuak. Indarkeriari buruz orokorrean hitz egiten dugu, baina ez dugu ikusten, nagusien artean ere badirela genero arauak; alegia, adineko pertsonen aurkako indarkeriaz gain, emakumeen aurkako indarkeria ere badagoela adineko pertsonen artean. Kasu askotan, adineko emakume horiek bizitza osoan barrena jasan behar izan dute indarkeria matxista hori, beren bikoteen aldetik.

Harreman mota hori barneratuago dute, belaunaldi gazteagoek baino.

Batetik, arazo sozial bat dagoela uste dut, eta kosta egiten zaigula begirada hor jartzea. Baina, horrez gain, adineko emakumeentzako zaila izaten da indarkeria hori identifikatzea, normaltzat hartu izan dutelako beti. Gazte garaian, hezkuntza jaso zutenean, eredu matxistak oso gogorrak ziren, eta diktadura garaian emakumeei zuzenduriko mezuek zeresan handia dute, gaur egun indarkeria egoera horiek bizirik egote horretan: emakumeek beren bikoteen zaintzaile eta zerbitzari izan behar zuten, eta rol horretan egon beharra zeukaten, sumisio eredu horietan, bai ala bai.

Horren ondorioz, egia da, askotan normaltzat hartzen dituztela indarkeriazko egoerak, eta oso barneratuta dutela munduan egokitu zaien rola, edo beren bikoteen gehiegikeriazko jarrera. Gainera, gizartean arazo hori behar bezala ez ikusarazteak, eragiten du, halaber, emakume horiek beren jazarpen egoera ez identifikatzea; eta, beren bikoteek ematen dieten tratua gustatzen ez bazaie ere, beste kontu bat da hori plazaratu eta kontatzeko pausoa ematea. Oso prozesu zaila izaten da.

Kanpoko pertsona batek nola identifika dezake, emakume batek urteak daramatzala, egunero-egunero, horrelako harreman mota bat bizitzen?

Ez da erraza. Batetik, aipatu bezala, zaila da adineko emakume batek bere egoera plazaratzea. Ordea, beste beharrizan batzuk adierazten dituzte, adibidez, sintoma psikosomatikoak. Emakume horiek, ziur aski, ez dute gizarte zerbitzuetara joko, baina beharbada medikuarengana bai, osasun arazoak dituztelako, depresioa dutelako, estresa dutelako edo gorputzean mina dutelako. Finean, indarkeria egoera hori jasaten ari direlako, eta urte askotan barrena, gainera. Beste errealitate bat ere bada. Beharbada, emakume horien senarra hil egin da, baina bizi izandako guztiak sortutako trauma hori hor geratzen da. Sintomak, beraz, fisikoak zein psikikoak izan daitezke.

Gizarteak, oro har, adineko emakumeen egoera hori irakurtzeko alarma piztuta duela uste duzu?

Aurrerapausoak ematen ari gara, eta hainbat udalerritan protokoloak egiten ari dira, hainbat zerbitzuren koordinazioa antolatu eta hobetzeko. Hala ere, egia da zailtasunak daudela, eta kosta egiten dela indarkeria egoeran bizi diren adineko emakume horiek erreakzionatzea, eta zerbitzu berezira jotzea, edo salaketa bat jartzea. Kasu horietan, emakumeei eskaintzen zaien laguntzak bestelako bideak hartu behar dituela uste dut, beraien beharrak eta erritmoa kontuan hartuz; beharbada guk gauza bat egin behar luketela uste dugu, baina emakume horiek oraindik ez daude fase horretan. Entzun egin behar diegu eta, poliki-poliki, emakume horiek ahalduntzeko prozesu bat abiarazi.

Pauso hori eman eta beren bizitza aldatzea erabakitzen duten emakumeen kasuan, testuingurua lagungarria izaten da?

Bai, noski, oso garrantzitsua izaten da ingurukoen papera, batez ere, seme-alabena. Ordea, egoera horiek kudeatzea ez da erraza izaten, familia osoan eragiten dutelako, eta arazoak sortzen dira. Gainera, kasu askotan, seme-alaba horiek ere indarkeria matxista horren biktimak dira.

Emakume horien ikuspegiarekin batera, egitura oso batek aldatu behar duela, alegia.

Bai, inguruak eta gizarteak. Indarkeria matxistaren arazo larria gure adineko pertsonen artean ere badagoela ikusi behar dugu, eta gero ikusarazi; ez badugu ikusarazten, ez da sekula arazotzat hartuko.

Ezagutuko duzu indarkeria matxista errutina izan, eta bizitza aldatzea erabaki duen emakumerik.

Bai. Ez dago biktimaren profil zehatzik, eta beren egoeraz jabetzea zaila den arren, badira horrela bizitzen jarraitzeari uko egiten dioten emakumeak; sumisio egoera horretatik alde egiteko ahal dutena egiten dutenak. Banandu edo dibortziatu egiten dira, eta hor ere garrantzi handia izaten du inguruak, emakumeari tramite horietan guztietan laguntzeko. Egia da, beste emakume askoren helburua ez dela izaten egoera horretatik ateratzea: gizonaren heriotzan ikusten dute beren arazoaren irtenbidea, eta ez dira banatzen, nahiz eta identifikatu arazo bat dutela. Kasu horietan, emakume horiek poliki-poliki ahalduntzen ere saia gaitezke, prozesu bati ekiteko eta ahalik eta ondoen bizitzeko. Noski, prozesu horren ondoren emakume horiek hortik irteten badira, hobe.

Asko al dira, alargundu ondoren mundu edo bizitza berri bat ezagutu duten emakumeak?

Bai, askok hala esaten dute, libreago sentitzen direla. Era berean, ordea, kulpa sentipena ere sortzen zaie, bikoterik gabe geratzeak ez baitu arazoa konpontzen. Horregatik da garrantzitsua, emakume horiei bidean laguntzea.

Azaroaren 26an hori guztia hizpide izango duzu, Tolosan. Saioa, ordea, ez da adineko emakumeentzat bakarrik izango.

Emakumeei begirako hitzaldia izango da, eta nahi duenak bertaratzeko aukera izango du. Azpimarratu nahiko nuke, saioa ez dela, bakarrik, indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeentzat. Esaten ari gara, hau guztia gizartearen arazo dela, horrenbestez, emakume guztiak hausnarketara deitu nahi ditut, hitzaldian. Indarkeria matxista ikusarazten saiatuko gara, eta arazoaren oinarrira ere joko dugu, ikusteko. Eta, noski, publizitatean edo zineman adineko emakumeei esleitzen zaizkien paperak ere aztertuko ditugu, horrek ere kalte egiten baitio jasaten duten indarkeria matxista erdigunean jartzeari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!