San Joan egun beltza, 1981ekoa

Jon Miranda Labaien 2018ko aza. 19a, 07:46

ETAk borroka armatua behin betiko uzten zuela iragarri zuenetik, mahai gainean jarri dute «argitu gabeko hilketen» afera, hainbat elkartek lehenik eta Espainiako estatuko erakundeek gero, eta gehienetan, auzibide judizialen ikuspegitik. Aurtengo ekainean ETAk eskaini zuen azken elkarrizketan esan zuenez, eztabaida hori, «aurreko egoera birsortzeko eta aurrera ez egiteko erabiltzen ari dira». Bere aldetik, «termino politiko eta historikoetan» egindako guztia argitu duela dio desegindako erakunde armatuak, ez duela ardurarik ezkutatu.

Gara egunkariak eta Naiz.eus agerkariak ETAk apirilean argitaratutako azken Zutabe aldizkariaren edukien berri eman dute. Azken eztabaida prozesuaren ondorioen txostena eman dute ezagutzera eta aipatu dute aldizkarian 774 hildako eta 2.606 ekintza armatu aitortu dituela erakundeak. Horietako bi, orain arte aitortu gabekoak dira. Tartean dago, duela 37 urte, 1981eko ekainaren 24an, Tolosan, poliziekin nahastuta, hiru gazteren heriotza eragin zuen atentatua.

Ez da lehen aldia ETAk aitortza hori egiten duela. Aurtengo ekainean Gara egunkariak eta Txalaparta argitaletxeak elkarrekin kaleratu dute ETAren zuzendaritzarekin azken elkarrizketa. Gernikatik Arnagara liburua. Pasarte batean erakundeak dio, Tolosako gertaera hura, «akats larria» izan zela: «Ez gara gai esateko zergatik sortu zen halako nahasmena eta zergatik egon ziren arazoak hura behar bezala onartzeko».

Beti Alai parean, bazkalostean

1981eko ekainaren 24a zen, arratsaldeko 16:30ak inguruan, Beti Alai jatetxean bazkaltzetik atera, eta Iñaki Ibargutxi Erostarbe, Juan Manuel Martinez Castaños eta Pedro Conrado Martinez Castaños, gaur egungo Maria Luisa Agirre doktorearen plazatxoan aparkatuta zuten autora Seat 124 urdin batera igo ziren. Une horretan, Rondilla kaletik auto batean bost pertsona zetozen eta horietako lau jaitsi bi pistolekin eta beste bi metrailetekin eta aparkatutako kotxe barruan zeuden hiru gazteen aurka egin zuten.

Lekukoek garaiko egunkariei kontatu zietenez, Gora ETA militarra eta Gora Euskadi Askatuta oihuak egin zituzten ekintzaren egileek Rondilla kaletik Donostiako noranzkoan alde egin aurretik. Ekainaren 25eko El Diario Vasco egunkariak kontatu zuen, ordu horretan Arrameleko San Joan kaperan zegoela udalbatza, Tolosako Musika Banda, txistulari, bordondantzari eta eskopetariekin batera, arratseko otoitzetan parte hartzen. Jendetzaren artean bidea irekitzeko, ekintzaileek armak erakutsi zituztela aipatzen du egunkariak, «herritarren artean nahasmendua sortuz».

Tokian bertan hil ziren, Iñaki Ibargutxi Erostarbe, sortzez Ugao-Miraballeseko 26 urteko gaztea eta adin bereko Juan Manuel Martinez Castaños durangarra. Azken honen anaia, Bilbon bizi zen 30 urteko Pedro Conrado Martinez Castaños, gidariaren tokian zihoan eta zauri larriak izan zituen. DYAren anbulantzia batek, San Cosme eta San Damian klinikara eraman zuen aurrena eta Donostiako Arantzazuko Amaren erresidentziara ondoren. Zortzi tiro zituen gorputzean eta urgentziazko ebakuntza egin zioten. Larri eman zituen hurrengo hilabeteak eta 1982ko martxoaren 28an ospitalean hil zen.

Saltzaileak ziren. Liburuak, kaseteak eta euskara ikasteko metodologiaren etxez etxeko salmentan aritzen ziren hirurak. Egunak zeramatzaten Tolosa inguruan lanean eta Karmentxu hostalean logelak zeuzkaten alokatuta. Maiz bazkaltzen zuten Beti Alai jatetxean. Juan Manuel eta Pedro Conradoren aitak, Ceferino Martinezek, adierazpenak egin zizkion EFE berri agentziari gertakarien egunean bertan eta bere semeek inoiz ez zutela mehatxurik jaso eta «erabat apolitikoak» zirela esan zuen.

Egiletzaz hainbat bertsio

Hurrengo egunetako notiziek, ordea, EAJrekin lotu zuten Iñaki Ibargutxi eta HBren gertukotzat jo zuten Juan Manuel Martinez. Atentatuan zauritutako Pedro Conrado, aldiz, Basurtoko PCEko militantea zela nabarmendu zuten albisteek. Tolosako Udalak, ekainaren 24an iluntzean egindako ezohiko batzarrean, arratsaldeko lehen orduan izandako atentatua, «indar handiz» gaitzetsi eta San Joan egunerako antolatuta zeuden ekintzak bertan behera utzi zituen. Adierazpena, udalean ordezkaritza zuten alderdi guztiek sinatu zuten, HBk izan ezik. «Irakurketa zabalago» baten beharra adierazi zuten zinegotziek.

Hurrengo egunean atera zuen komunikatua Herri Batasunaren Mahai Nazionalak eta herritarren artean «izua» zabaltzeko, kontrolik gabeko zerbitzu parapolizialei egotzi zien atentatua. Aldi berean, komunikabideetan sortutako nahasmenduarekin, euskal herri langileko sektoreen «desmobilizazioa» bilatzen zela nabarmendu zuen koalizio abertzaleak. Urte hartako otsailean izandako estatu kolpe saiakeraren soka berean kokatu zuen atentatua eta ekainaren 26ko greba orokor deialdietara eta manifestazioetara joateko deia luzatu zien herritarrei. Norabide berean hitz egin zuten, atentatuaren biharamunean, Amnistiaren Aldeko Batzordeek, EMK eta LKIk.

HBk bere oharra kaleratzearekin batera, ia aldi berean, Gipuzkoako Gobernu Zibilak adierazpen ofiziala egin zuen, Mando Unico Antiterrorista delakoaren iturriak aipatuz eta atentatua ETAk egina zela esanaz. Ekintzaren egiletza argitzeko, HBko zinegotziak ez ohiko osoko bilkuran abstenitu izana aipatu zuten gobernuko iturriek froga bezala, baita erabilitako munizioa 9 milimetro Parabelum normalean ETAk erabiltzen zuena izatea eta egileak lekutik alde egiterakoan Gora ETA militarra oihukatu izana ere. Hala ere, une horretan, Tolosan liberatutako etakideez osatutako komando bat bazegoela ziurtatu zuten poliziek eta une horretan iraultza zerga deitutakoa zabaltzeko helburuarekin, «beldurra eragin nahian» gauzatu zutela atentatua.

Nahasmendua oraindik ere gehiago areagotzeko, ETA militarraren izenean gizonezko batek hots egin zuen Egin egunkariaren erredakziora, ekainaren 25eko 23:30 aldera: «Ez dugu zerikusirik ordaindutako bi mertzenariok egindako ekintzarekin, zeinetan bi gazte hil diren. Euskadin nahasmena eta izua dakarte erailketok. Euskal Herri langileari dei egiten diogu hiletetara masiboki azaldu dadin. Herriak ez du barkatuko. Gora Euskadi Askatuta!». Handik pare bat ordura, El Diario Vasco egunkariko erredakzioan «arnasestuka» hitz egiten zuen beste gazte baten deia jaso zuten. Batallon Vasco Español taldearen izenean hots egiten zuela adierazi zuen: «Hiru abertzale exekutatu ditugu Tolosan, zuek abertzaleok espainolen aurka burutzen ari zareten erailketei erantzunez». Eta eten baten ostean: «Gora Tejero! Etarrek hiltzen duten espainiar bakoitzeko, guk hiru abertzale hilko ditugu. Gora Espainia!».

Ordu batzuk lehenago eman zioten lur Iñaki Ibargutxiri bere jaioterrian, Ugao-Miraballesen. Hil beila egin zioten herriko batzokian eta parrokian egin zizkioten, gero, hileta elizkizunak. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Carlos Garaikotxea, bertan izan zen. Izan ere, EAJ militantea zen Ibargutxi eta batzoki guztietan masta erdira jaitsita eduki zituzten ikurriñak. Euskadi Buru Batzarrak atentatua gaitzesteaz gainera, beren irizpideak lehenesteko «armak erabiltzen zituztenen aurka» hitz egin zuen ohar batean, «beraien arabera ondo kalkulatuta burutzen dituztenean, eta baita, okerra egin eta desio ez dituzten biktimak eragiten dituztenean ere». Norabide berean hitz egin zuen Eusko Jaurlaritzako barne sailburu, Luis Mari Retolazak, eta uste osoz hitz egin zuen ETAren egiletzaz. «Orain arte zintzoak izan dira eta ez dute, beraiek tarteko izan direnean, aitortzeko lotsarik eduki. Kasu honetan, ez dakit beraientzako akatsa izan delako edo, ez dute bere gain hartu nahi izan».

EAJk, ekainaren 26rako, PSE, EE eta PCE alderdiekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin batera hamar minutuko lanuzteak deitu zituen eguerdirako, «bakearen, askatasunaren eta demokraziaren alde, terrorismo eta indarkeriaren kontra». Deitzaileek ekimena «positiboki» baloratu bazuten ere, jendea ez zen batu protesta ekitaldietara. Tolosa, Durango eta Ugaon, HBk deitutako greba orokorrak ere ez zuen jarraipen zabalik izan, garaiko egunkarien esanetan.

Jendetsuagoa izan zen, ekainaren 26an Durangon, Juan Manuel Martinezi egin zitzaion azken agurra. Pedro Migel Etxenike Eusko Jaurlaritzako sailburua, Juan Jose Pujana Eusko Legebiltzarreko lehendakaria eta HBko Mahai Nazionaleko Paco Letamendia Ortzi, Jon Idigoras eta Periko Solabarria izan ziren hileta elizkizunetan. Eusko Gudariak kantatuz jaso zuten Martinez Castañosen gorpua eliza atarian eta meza amaituta, Gora Euskadi Askatuta eta Gora ETA militarra oihuak bota zituzten parte hartzaileetako batzuk. Bertaratutako jendearen beste zati batek, txistu eginez erantzun zion azken aldarri horri. Hilerrirako bidean, Imanol, Iñaki gogoan zaituztegu leloa zaraman pankarta zabaldu zuten herritarrek.

Ekainaren 27an, El Pais egunkariak Santi Brouard, HASI alderdiko buru eta HBko Mahai Nazionaleko kidearen adierazpenak jaso zituen. Tolosako ekintza erakunde armatuari egoztea, ETA, eta bide batez KAS alternatiba defendatzen zuen ezker abertzale osoa «desprestigiatzeko maniobratzat» hartu zuen.

Zigor judizialik gabe

Orain arte, kasuaren inguruko auzibide judizialik ez da zabaldu. 1986an, Tolosako Udalarentzat lan egiten zuen pertsona bat zigortu zuten, atentatuaren ustezko egileei estalpea emateagatik, baina ordutik ez da beste epaiketarik egin. Iñaki Ibargutxiren gurasoek, Txomin eta Mirenek, 1987an Euzkadi aldizkarirako hitz egin zuten eta Jose Fernando Unzueta kazetariak jaso zituen haiek esandakoak: «Ez dugu batere zalantzarik ETA izan zela atentatuaren egilea, izan ere, komandoko hiru kide identifikatu zituzten beranduago. Josetxo Jauregi eta Mikel Goikoetxea Txapela, tartean. Dagoeneko hilda daude».

Minik handiena azalpenik jaso ez izanak eragin zien Ibargutxiren gurasoei: «Akatsa aitortzeko duintasunik ez edukitzea eta egindakoagatik barkamenik eskatu ez izana egiten zaigu mingarriena, kontuan hartuta, garai horretan, ETAn zebiltzala Ugao bertako beste bi mutil, Josu Urrutikoetxea eta Josu Abrisketa. Bietako bat gainera, Iñakiren laguna zen».

Modu bertsuan hitz egin du Marcos Hernandok, EHUko irakasle izandakoak. ETAren azkeneko Zutabe aldizkarian informazioa kaleratu denean adierazpenak egin ditu Pedro Conrado Martinezen lagun gisa: «Sutu egiten nau akats bat izan zela esateak. Zergatik akatsa? Gainerako hilketak ez al ziren izan? Benetako akatsa ETA izan zen bere sorreratik. Bere existentzia erokeria hutsa izan da». Atentatua gertatu eta gutxira, Pedro Conradoren alargunak, Natividadek, ETAren mezu bat jaso zuela adierazi du Hernandok, «ekintza erakundeak egin zuela eta okerra izan zela aitortuz». Handik urtebetera zendu zen alarguna ere.

Aitortza, erreparazioa

Tolosako atentatuan hildako hiru lagunek, orain arte, ez dute aitortzarik jaso. 2014ko ekainaren 25ean Ugao-Miraballeseko Udalak lore eskaintza egin zion Iñaki Ibargutxiri herriko hilerrian. Bezperan, atentatuaren 33. urtemuga egunean, EAJk aurkeztutako adierazpena onartu zuen udalbatzak ohiko osoko bilkuran, aldeko zazpi boto eta EH Bilduko lau zinegotzien abstentzioarekin. Adierazpen horretan, Ibargutxiren hiltzaileei eragindako mina aitortzeko eskatzen zitzaien, eta hurrengo belaunaldiek gertatutakoa ez ahanzteko, herriko biktimarekiko memoria justu eta leiala lortzeko konpromisoa eskatzen zitzaion udalbatza osoari. ETAren terrorismoarekiko gaitzespen argia eta berehalako desegitea ere jaso zuen testuak.

Ugao-Miraballeseko Udalak egindako eskaera ia denak, lau urte beranduago, bete egin dira. Aurtengo maiatzean egitura guztiak erabat desegin ditu ETAk, eta bukatutzat eman ditu bere «ziklo historikoa eta funtzioa». Hilabete beranduago, ETAren zuzendaritzarekin azken elkarrizketa. Gernikatik Arnagara liburuan, 1981ean poliziak zirelakoan Tolosan eragindako hiru pertsonen heriotza «akats larria» izan zela aitortu du publikoki eta azaroa hasieran berretsi da, Zutabe aldizkariaren edukia argitaratuta. Egia jakinda, aitortza eginda, orain, eragindako mina erreparatu beharko die euskal gizarteak hildako hiru gazteen senideei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!