Kale Nagusiko pasabideak berritze bidean

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 15a, 08:52
Argazkia: Tolosako Udala

Lehen bi pasabideak bukatuta, beste biak abendu hasierarako amaitzea espero da.

Tolosako Udalak udan iragarri zituen hiri azpiegituretan egitekoak ziren 4 esku-hartze eta, lehen biak amaituta, beste biei ekin diete jada: Korreo kalearen eta Kale Nagusiaren arteko pasabidea, eta Kale Nagusiaren eta Agintari kalearen artekoa eraberritzen ari dira. Abendu hasierarako bi pasabideetako lanak amaituta izatea aurreikusi dute.

Lehen pasabidean, Korreo eta Kale Nagusiaren artekoan, zoladura puskatu dute, eta ur-zikinen kanalizazioa nahiz euri urena berrairaikitzen ari dira. Gainera, bi kaleen arteko hornidura sareak konektatu egingo dituzte.

Hormei dagokienez, gainera, azulejo berriekin berreraikiko dituzte, eta LED argiteria ezarriko dute pasabide horretan. Azkenik, sabaiko eta ateetako zura garbitu egingo dute. Aipatzekoa da, pasabide horren sarreran mural bat zegoela, eta lanak hasi aurretik kendu egin zutela; eraberritzearekin amaitutakoan, berriz zintzilikatuko dute aurrez zegoen tokian.

Bide beretik, Kalen Nagusia eta Agintari kalea lotzen dituen pasabidean antzeko lanak egiten ari dira, zoladura, hormak, kanalizazioak eta egurra eraberrituz.

Pasabide batean zein bestean, lanek bi aste inguruko epea izango dute eta, horrenbestez, Tolosako Udalak aurreikusi du abendu hasierarako obrak amaitzea. Lehen pasabidea berritzeko udalak 41.610 euroko inbertsioa egin du eta bigarrenean, berriz, 28.446 eurokoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!