Tolosa eta babarruna, sekula baino gehiago, lapiko eta perla

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko aza. 13a, 16:27
Tolosako Urkizu auzoan aurkeztu dute egitaraua.

Ostegunetik igandera josi dute aurtengo Babarrunaren Festako egitaraua, hainbat berrikuntzarekin; kofradiaren kapitulua ostiralean izango da

Tolosako babarruna izendatzeko baliatutako metaforek inoizko zentzurik handiena hartuko dute, aurten. Nekazariek uzta bikaina jaso dute, eta babarrunak sekula baino gehiago izango dira perla beltzak. Eta, azaroko hirugarren asteburuari begira ere, eragileek aspaldiko egitarau beteena aurkeztu dute: Tolosa, sekula baino gehiago izango da festaren lapiko.

Bidean da 2018ko Babarrunaren Festa, eta Urkizu auzoko elkartean iragarri dute, Ostegun Gizenaren eta ekainaren 24aren ondoren askok gorriz margotuta izan ohi duten garaia. Olatz Peon Tolosako alkatea, Joxe Mari Aramendia Tolosako Babarrunaren Elkarteko lehendakaria, Imanol Zubelzu Tolosako Babarrunaren Kofradiako ordezkaria eta Gure Kaiola elkarteko ordezkariak izan dira, egitaraua aurkezteko agerraldian.
Horrela, azaldu dute lau egunekoa izango dela, aurten, aletxo beltzen bueltan antolatutako festa: ostegunetik igandera. Urtero errepikatzen direnak ez dira falta izango, ez, baina 2018ko Babarrunaren Festaren lapikoak berrikuntza izango du gatz.

Batetik, Tolosako Babarrun Kofradiaren kapitulua ostiral iluntzean ospatuko dute; orain arte, igande eguerditan antolatzen zuten beti. Ostiralean, beraz, 19:30ean hasita, udaletxeko pleno aretoan ohorezko kide berriak izendatuko dituzte, eta herritarrek bertaratu ahal izango dute ekitaldira. Izendapena jasoko dute Boolo elkarteak, Edurne Ormazabalek, Angel Mari Peñagarikanok eta Garbiñe Biurrunek.

Larunbatean, berriz, hirugarren euskal jaiaren osagaien artean, musikak tarte nabarmena izango du. Bazkalondoan, bertsolariak, trikitilariak eta DJa ariko dira Alde Zaharreko balkoietatik, pote garaia girotzeko, eta Jainekin txarangak afal aurreko eta goizaldeko orduak jantziko ditu txaranga doinuz. Tartean, berriz, afalondoan, Gozategi musika taldearen kontzertua izango da, Plaza Berrian.

Dena ez da, ordea, nobedade izango, ez festaren haria hitzordu ezagunek gidatuko dute. Ostegunean, Pul-pul jardunaldia izango da, bigarrenez, Jakoba Errekondoren hitzaldiarekin. Larunbatean, berriz, ekoizleen lehiaketa, odolkien lehiaketa, azoka berezia, babarrun dastatzea eta babarrun jateak izango dira nagusi. Eta, noski, igandea Gure Kaiola elkarteak antolaturiko XXXII. lehiaketa gastronomikoak eta herri bazkariak hartuko dute.

Uzta «ikaragarria»

Hala azaldu du Joxe Mari Aramendia ekoizleen elkarteko lehendakariak.
Uda amaierako eta udazken hasierako trumoi giroak sekulako mesedea egin die babarrunei, eta uzta «ikaragarria» jaso dutela berretsi du: «Ia bereizi beharrik ere ez dago.

 

Babarrunaren festa 18

Azaroaren 15a, osteguna

19:00. Pul-Pul jardunaldi gastronomikoa, Jakoba Errekondoren eskutik: Garaian, garaikoa, garaiz.
 
Azaroaren 16a, ostirala
19:30.Tolosako Babarrunaren Kofradiaren kapitulua eta ohorezko kideen izendatzea, udaletxeko batzar aretoan (herritarrei irekia).

Azaroaren 17a, larunbata
06:30. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketaren hasiera Trianguloa plazan.
08:00. San Blas elkarteak antolatuta, XXVI. Odolki Lehiaketaren hasiera San Franzisko pasealekuan.
09:00-14:00. Azoka berezia Trianguloa plazan.
10:15-13:00. Euskal Herriko X. Frisoi Txapelketa, Ferialekuan.
11:00. Tolosako Babarrunaren Ekoizleen Lehiaketako epaimahaiak bere lanari ekingo dio, Trianguloa plazan.
11:00. Udaberriren emanaldia Trianguloan eta, ondoren, kalejira, Bentazaharreko Mutiko Alaiek lagunduta.
11:15. Erraldoiak Trianguloa plazan.
Goizean. Lazkaoko trikitilariak Tolosako kaleetan barrena.
12:00. Tolosako Babarrunaren Kofradiaren eta Bizkaiko Putxeraren Kofradiaren eskutik, Tolosako babarrunak dastatzeko aukera, putxera erara, Trianguloa plazan.
12:15. Ekoizleen Lehiaketako sari banaketa, Trianguloa plazan.
12:30. Babarrun irabazlearen lakari baten enkantea, Trianguloan. Lortutako dirua Haurkizuna fundaziora bideratuko dute.
13:00. X. Frisoi txapelketako sari banaketa, Ferialekuan,
14:30. Tolosako elkarte eta tabernetan babarrun jatea.
18:45. Oihana Iguaran eta Unai Agirre bertsotan, Beti-Alai jatetxeko balkoitik.
19:15. Jainekin txaranga, Maria Luisa Agirre doktorearen plazatik hasita.
20:15. Asier Gozategi, Iñaki Larrañaga eta Julen Alonso trikitilariak, Orbelako balkoian. Ondoren, trikitilariekin Euskal Herria plazara
20:45-21:45. Solano & DJ DZ, Euskal Herria plazan.
23:30. Gozategi PlazaBerrian
01:30. Jainekin Txaranga, Plaza Berritik hasita.

Azaroaren 18a, igandea
08:00. Gure Kaiola elkarteak antolatuta, XXXII. Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren hasiera, Trianguloan.
14:30. Herri bazkaria, Zerkausian.
16:30. Tolosako Babarrunaren XXXII. Lehiaketa gastronomikoko sari banaketa, Zerkausian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!