Zabalik da 'Beldur barik' eta 'Hi haiz, hi!' lehiaketetako izen ematea

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 12a, 15:31

Indarkeria matxista eta parekidetasunik eza lantzen dute gazteekin, eta ikus-entzunezko lanak osatu behar dituzte parte hartzaileek, EAEko lehiaketarako nahiz Tolosarako.

Emakume eta gizonen arteko arrakala arte adierazpen eta sorkuntza lanen bidez salatu eta ikusaraztea da, Beldur Barik eta Hi haiz, hi! lehiaketen helburua. Batxilergoko ikasleei begira, lanketa sakonago bat atzean duen proiektuak dira biak, eta 2018ko izen-emateak zabalik dira jada.

Euskal Herriko Beldur Barik lehiaketa azaroaren 24an ospatuko dute, Gasteizen, eta Tolosako hiru ikastetxeetako Hi haiz, hi! jaialdia abenduaren 19an izango da, 20:00etan.

Erkidego mailako Beldur Barik lehiaketarako, azaroaren 9a baino lehen eman beharko da izena, www.beldurbarik.org atarian. Tolosako lehiaketako epea, berriz, hilaren 14an amaituko da, eta udaleko berdintasun edo gazteria sailek kudeatuko dituzte izen-emateak: gazteria@tolosa.eus eta berdintasuna@tolosa.eus. Bietan, lanak ere egun horietan entregatu beharko dira.

Aipatzekoa da, dena den, EAEko Beldur Barik lehiaketara aurkezten diren lan tolosarrak zuzenean txertatuko dituztela, Tolosako Hi haiz, hi! jaialdiko lehiaketan.

Bi kategoria eta hainbat sari

Beldur Barik lehiaketak bi kategoria bereiziko ditu: 12 eta 17 urte bitartekoa bata, eta 18-26 urte bitartekoa, bestea. Datuen arabera, parte hartzea gorantz doa urtez urte eta, esaterako, iazko Hi haiz, hi! lehiaketan, 50 izen-emate izan ziren.

Kategoriak bereizten diren bide beretik, sariak ere kategoriari egokitutakoak dira. Horrela, Beldur Barik lehiaketan honakoa da sailkapena: 1. kategoriako sari nagusia (500 euro) eta aipamen berezia (300 euro); 2. kategoriako sari nagusia (500 euro) eta aipamen berezia (300 euro); ikus-entzunezko ekoizpen onenari saria (300 euro); eta parte-hartzeari saria (300 euro).

Toloskao Hi, Haiz, Hi!-n, berriz, 225 euroko bi sari banatuko dituzte, kategoriak kontuan izan gabe.
Parte hartzeko baldintzak, irizpideak eta bestelako xehetasunak irakurgai dira Tolosako udalaren www.tolosa.eus atarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!