Desgaitasunaren inguruko zine jaialdiak geldialdia egingo du Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 9a, 15:55

Komunikazio oztopoak gainditzeko helburuarekin antolatu dute eta azaroaren 13an, asteartean, lau film labur eta solasaldia izango dira, kultur etxean, 19:00etatik aurrera.

Azaroaren 8tik 16ra ospatuko da zine jaialdia Gipuzkoako toki ezberdinetan, Gainditzen Tolosaldea-Goierriko pertsona gorren elkarteak antolatuta. Mikel Malkorra, Elkartu Gipuzkoako Desgaitasun fisikoa duten pertsonak biltzen dituen elkarteko kidearen esanetan, jaialdiaren helburua komunikazio arloan ematen diren oztopoak gainditzea da. Egoera hauek sufritzen dituzten pertsonen errealitateaz ohartarazi nahi dute gizartea zine emanaldi hauekin.

Aurrez, Zeinu Hizkuntzako Nazioarteko Zine Jaialdian izandako esperientzia baliatu dute ekimen hau antolatzeko. Film laburrak eta luzeak eskainiko dira eta baita dokumentalak ere. Tolosan bi egunetan garatuko dira emanaldiak.

Azaroak 13an, asteartea, lau film labur eskainiko dira eta ondoren solasaldia egingo dute Pablo Roura, Agisas elkarteko kidearekin. Hauek dira eskainiko diren emanaldiak: 

- La barberia. Alejandro Cadenas zuzendariarena (11 minutu).

- Zona Asperger. J.K. Alvarez zuzendariarena (7 minutu).

- Victoria. Asier Urbieta zuzendariarena (14 minutu).

- Docu Your Self. Itxaso Diaz zuzendariarena (14 minutu). 

Hurrengo egunean, Tolosako Inmakulada Lanbide Ikastolan, 11:00etatik aurrera bi film labur eskainiko dira: Carlos Villafaina zuzendariaren Silencio por favor (17 minutu) eta Jonay Garcia zuzendariaren Las otras camas (15 minutu).

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!