«Txiki-txikitatik amets egiten duzu horrelako partida erabakigarriekin»

Asier Imaz 2018ko aza. 8a, 12:32

Promozio Mailako Lau t'erdiko Txapelketaren finala jokatuko du larunbatean tolosarrak, Joanes Bakaikoaren aurka Iruñeko Labrit pilotalekuan; 17:15ean hasiko da pilota jaialdia

Lehen mailako lau eta erdikoan Aspeko bi pilotariren artean jokatuko baldin bada finala, promozio mailakoan Asegarcekoak izango dira bi finalistak. Jon Ander Peña (Tolosa, 1997) izango da horietako bat.

Nola iristen zara finalera? Arazorik izan al duzu azken egun hauetan?

Ondo iristen naizela uste dut. Entrenamenduak normal egin ditut, inongo arazorik gabe. Ilusio handiarekin nago.

Finalerdietako ligaxkan Bakaikoak 22-9 irabazi zizun. Emaitza horri buelta ematen saiatuko zara finalean.

Partida hartan ez nuen nirea eman eta berak bai. Finala desberdina izango delakoan nago; biok presio puntu handiagoa izango dugu. Ni emaitza horri buelta ematen saiatuko naiz.

Zer ikasi zenuen partida horretan?

Hasieratik partidan sartuta egon beharra dagoela. Ligaxkako partida horretan hasiera txarra egin nuen eta gero partidan sartu ezinik ibili nintzen. Horri buelta ematea oso zaila izaten da. Emaitza hori ez errepikatzeko egin behar dena da partidan sartuta hasi.

Nolako pilotaria da Joanes Bakaikoa lau eta erdiaren barruan?

Ez bakarrik lau eta erdiaren barruan, pilotari bezala ere oso gogorra da; oso pilotaria; langilea eta oso irabazlea. Bere zenbakiak ikusten baldin badituzu, argi geratzen da partida asko irabazten dituela. Jokatzen uzten duen pilotaria da, baina partida berak irabazten du. Pilotari abiadura emanaz urruti eduki behar da, eta horretan saiatuko naiz.

Ikusten duzunean ez du beste munduko ezer ematen, baina oso gogorra da.

Engainatu egiten du. Ez da altua, ez du oso indartsua ematen, baina partiden %80 irabazi egiten ditu. Maila honetan horrek zerbait esan nahi du.

Zer eskatzen diozu zeure buruari finalean?

Hasieratik bukaerara arte serio jokatzea; tontakeriak egin gabe. Gozatzea zaila izango da, horrelako partidetan tentsio handia egoten delako, baina nirea eman eta ahal dela irabazten saiatuko naiz.

Iaz, Agirreren aurka jokatu zenuen lau eta erdiko finala, 22-20 galduz. Arantza hori ateratzeko ere balio lezake larunbatekoak.

Lehengo urteko finala ia ahaztuta daukat. Ez da erreferentzia, aurkariak oso desberdinak direlako. Partida txukuna egitera joan nahi dut, eta ea serio aritzen naizen partida osoan zehar.

Zer egin duzu azken aste honetan?

Beste asteetan egin izan dudana: entrenamendu fisikoak eta teknikoak egin ditut. Aldatu dena material aukeraketa izan da. Normalean guk ez dugu horrelakorik egiten. Gero argazki saioren bat, elkarrizketak... hori ere desberdina izan da. Finalean zaudela gogoratzen dizute.

Eskertzen da edo pisu egiten da jarraipen hori?

Ulertzekoa da. Final batean ez baldin bazaude ez da horrelako presiorik egoten. Egia da pilotariari urduritasun puntu bat gehitzen diola guzti horrek, baina jarraipen hori ez izatea okerragoa izango litzateke. Ingurukoak ere ilusio berezi batekin ikusten dituzu, eta guzti hori polita dela esango nuke.

Larunbateko partidak bi sari ditu: txapela eta lehen mailarako txartela.

Lehengo urtean partida horretan pentsatzen aritu nintzen, eta aurten ere pentsatu dudala ez dut ezetz esango. Saria oso potoloa da. Txiki-txikitatik amets egiten duzu horrelako partida erabakigarriekin. Ea aurtengoan sari hori irabazteko aukera daukadan.

Lehen mailako finala ere erabakita geratu da. Jokin Altuna berriz ere hor dago. Ezkurdia, berriz, inoiz baino indartsuago.

Jokin Altunaren meritua ikaragarria da. Hiru aldiz jarraian finalera iristea izugarria da. Berarentzat egindako distantzia ematen du lau eta erdikoak. Orain arte Aimar Olaizola ikusi dugu ia final guztietan, orain lekukoa Jokinek hartu duela dirudi. Joseba Ezkurdia, berriz, ikaragarri indartsu ikusten dut. Partida oso zaila ikusten diot Altunari, Joseba faborito bezala atera daitekeelako egin duen denboraldi eta txapelketagatik. Baina, noski, finaletan Jokin hazi egiten da eta irabazteko aukera asko dauzka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!