50. Tolosako Abesbatza Lehiaketa

«Tolosako sariak ate bat zabalduko digu, munduan ezagutzera emateko»

Mikel Iraola 2018ko aza. 5a, 08:21

Ia sei urtez zuzendariorde izan ostean, duela hiru hilabete hartu zuen Kamer Koris abesbatzaren zuzendaritza Aivis Greters gazteak. 25 urte baino ez ditu, eta dagoeneko abesbatza munduko saririk garrantzitsuenetako bat poltsikoratu du.

Finala amaitu berritan, oraindik lortutakoa sinetsi ezinda, kazetarien galderak erantzuteko tartea hartu zuen.

Txapeldunen artean txapeldun izan zarete. Zer suposatzen du sariak?

Lehiaketa oso gogorra izan da. Duela hiru hilabete hartu nuen zuzendaritza, eta esfortzu handia izan da txapelketako programa osatu eta lantzea, bai abesbatzako kide guztientzat, baita niretzat ere. Bide horretan, niretzat oso garrantzitsua izan da taldeak izan duen jarrera, lanerako gogotsu egon baitira, eta horrelako une zail baten aurrean emozioz jardun dutelako. Asko eskertzen diet taldekide guztiei, baita epaimahaikideei ere. Abesbatza guztien maila ikusirik, hemen egotea bakarrik ohorea izan da guretzat.

Nola bizi izan duzu txapelketa?

Ostiral iluntzean abestu genuen guk. Ordura arte ez genekien non zegoen gure maila, ez geunden oso seguru. Finalean ohartu ginen gure taldeak berez duen indarraz eta kalitateaz.

Orain arte abesbatzak lortu duen sari garrantzitsuena da hau?

Lehiaketa askotan parte hartu izan dugu; asko eta elkarren artean oso ezberdinak. Ez nituzke konparatuko, bakoitzak bere ezaugarriak eta bere garrantzia dituelako. Niretzat, ordea, pertsonalki, hau da saririk garrantzitsuena, lehenengotakoa izateaz gain, Europako Sari Nagusirako txartela ematen digulako. Gauza gehiago lortzeko eta munduan ezagutzera emateko atea zabaltzen digu horrek.

Nola hautatzen dituzue abesbatzako kideak?

Iraila iristean, urtero audizio bat antolatzen dugu, abeslari berriak topatzeko. Zuzendariak guztiak entzuten ditu aurrez aurre. Ahotsaren kalitateaz eta profesionaltasunaz gain, familia honen parte izateko aproposa den ere baloratzen du. Kide guztiak 16 eta 30 urte bitartekoak dira, oso talde gaztea da, eta gaztetasun hori transmititzen jakiteari ere garrantzia handia ematen diogu.

Familia bat zaretela aipatu duzu. Ikusi besterik ez dago nola besarkatu zareten txapeldunak zinetela jakin bezain pronto. Zer esan diezu une horretan?

Erreakzio emozional bat izan da, baina taldeko besarkada handi horren bitartez zuzendariak eskerrak ematen dizkie taldekide guztiei. Kontaktu emozionalaz gain, eskertza hori fisikoki ere transmititzea da helburua.

Zer dela eta daude horrenbesteko maila duten abesbatzak herrialde baltikoetan?

Abestea gure nortasunaren parte da txikitatik. Gure historiarekin zerikusi handia du, zerbait lortu dugun iraultza bakoitzean kulturak, eta kantuak bereziki, izan duen garrantziagatik. Gure indarretako bat da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!