Orain arteko ediziorik onena izan da aurtengoa?
Bai, dudarik gabe. Uste orokorra da, gainera. Oso zaila izango da kalitate honetako edizio bat berriz ikustea. Joan den urtean, Tolosan izan diren abesbatza gehienetako zuzendariak bildu ziren Bartzelonako sinposioan. Musika koralaren munduan mundu mailan dagoen hitzordu garrantzitsuenetakoa da. Eta ausartuko naiz esaten han zegoen maila ez zela Tolosan ikusi duguna baino altuagoa.
Maila oso altuko edizioak izan dira, hala ere. Gogoan duzu baten bat bereziki?
90eko hamarkadako bat badut gogoan. Urte hartan erabakia ere oso zaila izan zen, 7-8 bat abesbatza sari nagusia irabazteko zorian izan baitziren. Beste urte batean, Mikrokosmos abesbatzak irabazia zuen saria, baina abeslari kopuruaren muga pasa eta deskalifikatu egin ziren. Urte hartako maila ere izugarria izan zen.
Aurtengo edizioan, zenbatek lortuko lukete sari nagusia edizio normala izan balitz?
Bederatzi edo hamarrek bai, gehiagok ez esatearren.
Maila hori ikusita, ebaluatzea zaila izango zen, hortaz.
Bai, oso zaila, eta gogorra. Pentsa, epaimahaikideok ados jarri behar izan dugu puntuatzeko irizpideak definitzerako orduan, abesbatza guztien kalitatea oso altua zelako. Ohiko irizpideak erabiliz gero, talde guztien puntuazioak pilatuegi geratuko ote zirenaren beldur ginen. Horregatik ebaluazio sistema bat asmatu behar izan dugu, pilaketa hori ekiditeko.
Zein sistema?
0tik 100era arteko puntuak eman ordez, 70 eta 100 punturen artean kalifikatzea adostu genuen. Pentsa, edizio normal batean 75 punturen bueltan ibiltzen da hirugarren sailkatua. Lau finalistak zeintzuk ziren erabakitzean, bosgarren bat sartzeko aukera ere izan genuen eskuartean, baina ezezkoa erabaki genuen. Abesbatza bat beste guztien gainetik zegoen, eta beste hiru paretsu zebiltzan. Eta gero beste bi zeuden, baina laugarrenetik aurrera banaketa argia zen.
Azkenean Kamer Koris garaile. Zer esan letoniarren inguruan?
Finalean gehiago gustatu zitzaizkidan, lehen faseko saioan baino. Bistakoa da izugarrizko maila duen abesbatza dela. Eta oso argiak izan dira egitaraua osatzerako orduan. Lehiaketako bigarren fasean obren aukeraketa librea da, eta Letoniako lau kantu eder aukeratu zituzten, oso ongi menperatzen zituztenak. Horregatik diot irabazleak ez duela zertan abesbatzarik onena izan behar, hobekien lehiatzen duena baizik. Eta letoniarrak azkarrak izan dira. Birtuosismo, teknika, musikaltasun eta doinu erakustaldi bat eman dute, eta agerian utzi dute beren ahalmena. Erabakia aho batez hartu genuen.
Nola ikusi dituzu bi abesbatza euskaldunak, KUP Taldea eta Landarbaso?
Beraiekin hitz egin dut, eta zoriondu egin ditut. Biek lan paregabea egin dute. Badakigu hor goian egoteak zer nolako lana eskatzen duen. Gainera, beraien parte hartzea ez da horretara mugatu, hau da, parte hartzera bakarrik. Oso ongi aritu dira, konplexurik gabe, eta a priori maila altuagoa duten abesbatza batzuk baino hobeto abestuz. Obren aukeraketarekin ere arriskatu egin dute.
Deigarria izan da Mikrokosmos bezalako abesbatza bat finaletik kanpo geratu izana.
Bai, nik ere goiko postuetan nuen, izugarri gustatzen zaidan abesbatza da. Zerbait berritzailea egiten dute, XXI. mendekoa; etorkizuneko abesbatza da. Asko arriskatu zuten beren proposamenarekin, agian gehiegi. Lehiaketako lehen fasean garai eta estilo ezberdineko obrak hautatu behar ziren, eta beraiek hori ez zuten kontutan izan. Doinu garaikideetan oinarritu ziren. Baliteke horregatik goian egon ez izana. Antzeko zerbait gertatu zaio Japoniako abesbatzari. Niretzat beste hautagai nagusienetako bat zen.
Aurrera begira, esatekorik?
Errepikaezina izango da. Aurtengo lehiaketa hasi baino lehen hala izango zela uste genuen, baina igaro ostean, esan dezaket baietz, orain arteko onena izan dela. Lehiaketa honen ospeaz asko esan nahi du horrek. 50 urte betetzearen aitzakian lehiaketa berezi hau antolatzeko abesbatzei deitu zitzaienean segituan eman zuten baiezkoa. Horrek esan nahi du Tolosako lehiaketa elitean dagoela.