Toloboleik laugarren garaipena lortu du

Ataria 2018ko azaroaren 5a

Joan den asteko porrotaren ondoren, garaipenaren bidera itzuli da Tolobolei, Navarvoleyren kantxan 2-3 irabaziz.

Joan den astean lehen porrota jasan zuen Tolobolei Bidebidek, Deustuko Unibertsitatearen kantxan. 3-1 galdu zuen eskualdeko taldeak: 25-21 / 20-25 / 25-17 / 25-15.

Bada, porrota ahaztu, eta laugarren garaipena lortu du asteburuan Toloboleik. Berriozarren jokatu zuten, Navarvoley Fercor Serigrafiaren kantxan, eta gogotik borrokatutako garaipena lortu zuten: 14-25 / 25-18 / 15-25 / 25-19 / 13-15.

«Hasieratik partidan sartzea kosta zaigu, baina azkenean irabazi dugu. Argi dago partida guztiak borrokatu behar direla eta tanto guztiak direla garrantzitsuak. Lanean jarraitu behar dugu eta gure burua ere landu beharra daukagu, konfiantza eta baikortasuna irabazteko», aitortu dute klubetik.

Sailkapen nagusian hirugarren postuan da Tolobolei, bigarren sailkatu Ibararteren puntu kopuru berarekin. Astillero da liderra, orain arteko bost neurketak irabazita.

Hurrengo jardunaldiko neurketa, azaroaren 10ean, larunbatean, jokatuko du Toloboleik, Tolosako Uzturpe kiroldegian, 16:30ean. Lur Auto Fortuna izango dute aurkari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!